Bihar, eguena, hartuko du Mondrak Bergara Mojategin

Xabier Urtzelai 2012ko urr. 31a, 11:10

Mondrak eta Bergarak derbia jokatuko dute bihar, eguena, ligako zortzigarren jardunaldian (16:30, Mojategi). Zubia dela-eta aurreratutako norgehiagoka izango da, eta beste horrenbeste egingo du Aretxabaletak, Albistegiren mutilek ere eguenean jokatuko dute-eta, Ibarran, Urolaren kontra (16:30). Aloña Mendik, berriz, Touringen zelaira egingo du bisita, zapatuan. 

"Beti Gazteren kontra 4-1 irabazi ostean Bergarakoak moralez topera egongo dira, gu bezala. Ez da kontrario batere erraza izango, baina kanpoan txukun ibili ostean etxeko lehen garaipena nahi dugu, eta horretan saiatuko gara", adierazi zion domekan Lutxo Iturrinok Goiena telebistari, Azkoagainen Aloñari 0-3 irabazi ostean.

Izan ere, Mondrak lau egunen tartean bi derbi jokatuko ditu: lehenengotik bizirik atera ziren zuri-moreak, eta zelan, gainera, Azkoagain moduko zelai zailean hiru gol eder eginda (Dueñas, Aizpurua, Uribarren), ondo jokatuta eta defentsan orain arteko lanik onena eginda. Iturrinoren mutilek, baina, Mojategin dute gainditu beharreko azterketa, oraindik ez dute-eta etxean irabazi. Horretarako derbiaz baliatu beharko dute, bihar, etxean oso indartsu baina kanpoan makalago dabilen Bergararen kontra.

Kanpoan puntu bakarra

Bergarak (10) Mondraren (9) bilakaera erabat ezberdina izan du ligan, etxetik kanpora puntu bakarra lortu dutelako Bergarakoek, Aretxabaletaren kontrako derbian (0-0). Etxean ez da ezustekoa ondo ibiltzea; joan den astean, Iñigoren, Eloiren eta Baltzategiren golei esker Beti Gazte ez zen kontrario izan. Baina mahoneroak deseatzen daude kanpoan ere batzen hasteko, eta, datuei begitatuta, Mojategi plaza aproposa izan daiteke.

Klubaren egun erdia

Derbi erakargarria dela aprobetxatuta, Mondrako zuzendaritzakoek erabaki dute klubaren egun erdi izendatzea partidua. Hala, bazkideek 4 euro ordaindu beharko dituzte eta gaztetxoek, 3 euro.

Aretxabaletak ere eguenean

Ohorezko erregionalean Mondraren eta Bergararen arteko derbiaz batera, Aretxabaletak ere etxean jokatuko du. Hala, Albistegiren taldeak zubia dela-eta partidua aurreratzea erabaki du, eta bihar, eguena, jokatuko dute sailkapenean atzealdean dagoen Urolaren kontra (16:30, Ibarra futbol zelaia). Hala, partidua eguenean jokatuta, ondoren jokalariek hiru eguneko atsedenaldia izango dute. Aloña Mendiko mutilek ez dute zorte bera izango, eta asteburuko partidua zapatuan izango dute (16:30) Touringen zelaian. Errenteriakoak hirugarren daude sailkapenean, eta duela bi aste erakutsi zuten Mojategin, Mondraren aurrean talde polita daukatela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak