Jone Barquero: "Geroago eta jende gehiagok sinesten du Emausen filosofian"

Mirari Altube Arrese 2012ko urr. 31a, 10:07

Arrasateko Emaus dendak hiru urte bete ditu gaur, urriak 31. Jone Barquero arrasatearra da bertako arduraduna, eta hiru urteotan dendak izan duen ibilbidearen berri eman digu.

Zenbat langile zaudete?

Zazpi: dendan bi; jasotze zerbitzuan beste bi; tailerrean ere bi; eta ni neu.

Zelakoak izan dira hiru urteak?

2008an lanean hasi ginenetik (zabaldu baino lehen) asko aldatu dira kontuak. Arropa-dendarekin hasi ginen alboko lokalean. 2010ean lekuz aldatu eta aurrealdetik egin genion atea; parkea egin berri zegoenez, asko irabazi genuen horrekin. 2011n, arropa-dendatik alboko lokalera sarrera egin eta bertan altzariak, liburuak… jarri genituen.

Gogoraraz iezaguzu zer den Emausen saltzen duzuena.

Era guztietako produktuak ditugu: arropak, oinetakoak, poltsak, bufandak… Eta altzarien gunean liburuak, oihalak, sukaldeko tresnak… eta jakina, era guztietako altzariak.

Salmentek gora egin dute?

Bai, asko, arropa salmentak %217 egin du gora; izan ere, arropa izan da beti salduena. Hona iazko datuak: 3.380 jantzi; 3.090 altzari; 2.500 bazarreko produktu –sukaldeko tresnak, izarak, eskuoihalak…– eta 400 liburu.

Igoera horretan krisi ekonomikoaren eraginik badago?

Egungo egoeraren aurrean jendea gerrikoa estutu beharrean dago eta gure dendetan edozein poltsikotara egokitzen diren prezioak ditugu, ondo jantzi edo etxea diru gutxirekin janzteko modukoak. 

Eta bezero aldaketarik egon den igarri duzue?

Bai, bezeroaren profila aldatzen joan da; hasieran etorkinak ziren gehienak, baina orain bertako kontsumitzaile gehiago dago, baita kontsumo arduratsuan sinesten duen jende gaztea ere.

Pentsatu izan dugu Emaus dela kanpotarrendako eta egoera ekonomiko txarrean daudenendako; aldatu egin da pentsaera hori?

Bai, guztiz. Batetik, jendearen egoera ekonomikoa okerragoa delako orain, eta bestetik, antzinako altzarien, erlikien… bila datozelako beste batzuk. Gainera, gero eta jende gehiago dago Emausen filosofian sinesten duena, badakite produktu bat berrerabiltzeak hondakin gutxiago sortzen duela, eta, gainera, lanpostuak sortzen ditugula. Horren harira, 2009an hiru langile ginen Arrasaten eta hiru urtean zazpi izatera pasatu gara.

Emausek saldu bakarrik ez, jaso ere egiten ditu produktuak. Hara eramateko ohiturarik hartu dugu?

Bai, etxean behar ez dituen produktuekin jende asko dator gurera, eta, hala, beste batzuek aprobetxa ditzakete horiek; batez ere, arropa eta oso handiak ez diren produktuak dakartzate.

Produktuak jasotzera etxera joateko zerbitzua ere baduzue. 

Bai, honako telefonora deitu behar da: 902 45 58 55. Jasotze zerbitzua debaldekoa da produktua gure dendan salgai jarriz gero. 

Behin produktuak jasota, zein izaten da hurrengo pausoa?

Arropa urtaroaren eta jeneroaren arabera banatzen dugu. Ondo dagoena dendara doa eta balio ez duena birziklatu egiten dugu; Frantziako lankideek hormetako isolatzaileak egiteko erabiltzen dute. Altzariekin berdin: ondo dagoena, saldu; konponketa txikia behar badu, konpondu; eta bestela, Garbigunera bidali. 

Etorkizunean handitzen joateko asmoa duzue, ezta?

Bai, Ekocenter izeneko gune handia egiteko asmoa dago. Oraingo produktuez gain, etxetresna elektrikoak, tresna elektronikoak… egongo dira. Horretarako lanak 2013an hasiko lirateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak