Zerga eta tasen igoera dela-eta, Udal gobernuak dio igoera KPIaren igoerari erantzutera datorrela: "Udal zerbitzuak gutxienez bere horretan mantendu ahal izateko derrigorrezkoa izan da Udalarendako tasak igotzea. Hori bai, saiatu gara igoera hori ahalik eta orekatuena eta herritarrari ahalik eta kalte gutxien eragingo diona izaten", adierazi du Iraia Sola bozeramaileak.
Alderdi sozialistak aldeko botoa eman du, uste duelako igoera egoera ekonomiko zailari proportzionala dela: "Arrasatearren ongizaterako minimo batzuk mantentzeko igoera aplikatu beharra dago. Ordenantza fiskalak ez badira igotzen murrizketa gehiago datoz eta bide hori ez dugu defendatzen", uste du Aritz Arrieta PSE-EEko bozeramaileak.
EAJk, berriz, kontra bozkatu du. Herritarrek bizi duten egoera zaila aintzat hartuta bestelako neurriak defendatzen dituzte jeltzaleek: "Soldata izoztuak zein murriztuak, langabezia... egoera oso zaila da. Eta halako igoerak beste zigor bat gehiago dira; gogoeta bat egin beharko dugu zergak ez diren beste modu batera dirua jaso ahal izateko", eman du aditzera Juan Karlos Garitano EAJko bozeramaileak.
Euskara biziberritzeko plana
Beste alde batetik, euskara plan berria ere izan dute hizpide osokoan. Herritarren inplikazio zuzena eskatu du udalbatzak, aho batez. Hori bai, alderdi sozialistak gogora ekarri du euskara sustatzeko parte-hartzea bultzatzen den moduan, bestelako erabakietan ere berdina egiteko: "Hondakinen bilketa sistema da horren adibide garbiena", esan du Arrietak.
Era berean, Joxe Etxeberria euskara zinegotziak jakinarazi du onartu berri den elkarlan hitzarmena bitarteko bat dela Arrasaten euskararen etorkizuna bermatuta gera dadin: "Egitura badugu, eskeletoa sortzen gabiltza. Orain, edukiz bete behar da, euskara plana eraginkorra izan dadin".