Hitzarmena gaur, martitzena, sinatu dute Bartzelonan Institut Català de la Salut erakundeko zuzendari gerenteak, Joaquim Casanovas i Laxek; Mondragon Korporazioko Berrikuntza, Sustapen eta Ezagutzaren lehendakariordeak, Javier Sotilek; eta Mondragon Healtheko zuzendari nagusiak, Mikel Alvarezek.
Hitzarmenaren bitartez ezagutza sortu, trukatu eta transferitu nahi da, ikerketa eta berrikuntza proiektuak eta formazio programak eginez eta elkarrekin jarduerak egitea sustatuz. Horrez gain, akordioaren beste helburu nagusietako batzuk dira logistikan prozesuak hobetzeko lankidetza lortzea, hornidura sanitarioen eremuan gestio eredu berriak lortzeko ikerketa egitea, eta informazio sistema espezializatuak eta garapenerako lan metodologiak konpartitzea.
Hitzarmenak urte bete iraungo du eta urtero luzatu ahal izango da.
Honako arloetan egingo dute batera lan bi erakundeek: e-health eta paziente kronikoen jarraipena etxean egiteko proiektuak; diagnostiko klinikoari eta aholkularitzari lotutako jarduerak eta produktu sanitarioen erosketa, hornidura eta logistikaren arloa optimizatzea; ospitale barruko eta etxeko errehabilitazioa; prestakuntzaren arloko giza-baliabideak batera aztertzeko aukerak ikustea; eta ikerketa biomedikoa.
Asegurua dutenen %75 dira bere bezeroak
Institut Català de la Salut, 39.500 profesionaleko langile taldearekin, Kataluniako osasun zerbitzuen enpresa publiko handiena da, eta ia sei milioi erabiltzaileri ematen dizkie zerbitzuak, hau da, Katalunian aseguratuta dauden guztien %75i. Osasun laguntzaren jardueraz gain, ICSk lan zientifiko handia egiten du, ospitaleetan eta lehen mailako atentzioko zentroetan integratuta dauden zazpi ikerketa instituturen bitartez. Irakaskuntzaren arloan, ICSk bere zentroetan osasun zientzietako 50 espezialitatetako 2.400 espezialista prestatzen ditu.