Mikel Lezamiz: "Mondragoeko koperatibetan pertsonari ematen diogu boterea, eta ez kapitalari"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko azaroaren 1a

Sidneyn, Australian, topatu dugu, Ingalaterrara, Manchesterrera, eroango duen hegazkina hartu aurretik, eta duela 15 egun New Yorken egon ostean. Munduan barrena dabil, Mondragoeko kooperatiben esperientziaren berri ematen; munduko kooperatiben esperientziak elkartrukatzen. Jakin-minez hartzen dituzte Mikel Lezamizen azalpenak han eta hemengo kongresuetan.

Euskal ikonoak munduan izenburuko mahai-inguruan parte hartu berri duzu New Yorken, Etxepare Institutuaren eskutik. Mondragon taldeko ordezkariaz gain, Kukuxumusu eta Donostiako Zinemaldiko ordezkariak ere izan ziren han. Euskal ikono bihurtu da munduan Mondragon taldea?

Eusko Jaurlaritzak kanpoan Euskadiren berri eman behar duenean, Mondragon Korporazioa aintzat hartzen du. Alde horretatik, hemengo ikurtzat hartzen gaituzte Guggenheim, Mondragon, euskal gastronomia, Kukuxumusu edota Donostiako Zinemaldia, mundu mailako hirugarren zinemaldi bihurtu dena… 

Ze ondoriotara iritsi zineten mahai-inguru hartan?

Kooperatibismoaren gaineko jakin-min geroago eta handiagoa dago Ameriketako Estatu Batuetan ere. Hirugarren bide moduan hartzen dute kapitalismo neoliberalaren eta sozialismo totalitarioaren artean, hauen alternatiba moduan. Erresilientzia edo irauteko ahalmen handiagoa dauka kooperatibismoak, eta hori da interesatzen zaiena, bereziki, lanpostuei eusteko eredu egokiena delakoan. Geroago eta kooperatiba gehiago ari dira sortzen han ere. Gizaldi honetan, heziketak garrantzi handia dauka eta gazte belaunaldiek erabaki garrantzitsuetan parte hartzeko geroago eta interes handiagoa dute eta kooperatibismoak, laneko edo lan bazkideen kooperatibek, eskaintzen die hori. Langileak eurak dira etorkizunaren jabe, parte hartzen dutelako kudeaketan, emaitzetan eta baita jabetzan ere. Sistema funtzionala eta positiboa da, erakargarria. 

Kooperatiben nazioarteko urtea da aurtengoa. Urtearen hondarrean gauden honetan, baliatu duzue euskal kooperatibek izendapena, enpresa eredu hau mundura zabaltzeko?

Orokorrean, munduan barrena, eta bereziki azken hiruhilekoan, mundu guztian, herrialde guztietan, kongresuak-eta egiten ari dira kooperatiben gainean. Orain, esaterako, Australian nago, baina aurki Manchesterren egongo naiz. Gure kasu konkretuan, iruditzen zait datorren urtea izango dela bereziki garrantzitsua, ze, lan kooperatibei dagokienez baita, batez ere, eredu Mondragon eta berezitasun hori nabarmendu da aurten han eta hemen egin ditugun kongresuetan-eta. Aurten hazia erein dugula esan genezake. Izan ere, badakigu, nahiz eta gu ez heldu toki guztietara, munduko geroago eta bazter gehiagotan ari direla aztertzen Mondragoeko lan kooperatiben eredua. 

Australiako kongresuan, bereziki, zer nabarmendu dute Mondragoeko kooperatiben gainean?

Gure eredua ezagutzen dutenean ustekabe atsegina hartzen dute. 83.000 bazkide dituen enpresa taldea izatea; 120 enpresa kooperatibo izan arren, batera lan egitea; dirua batetik bestera erabiltzea, baita lan bazkideak ere… Horrek harritzen ditu. Eta baita ze motatako produktuak egiten ditugun. Esaterako, Australian, eta mundu osoan, oro har, bereziki, kreditu, kontsumo edo nekazaritza kooperatibak dira ezagunenak. Ostera, lan kooperatibak eta industriakoak, ez dira horrenbeste ezagutzen. Ez daude. Eta ikusten dute gure enpresak zela ari diren mundu osoan lehiatzen, saltzen, esportatzen… eta horrekin harritzen dira. 

Diplomazia lan honek izan ditzake fruituak etorkizunean?

Bai, bai, ziur. Etxetresnak edota bizikletak saltzen dituzten kontsumoko produktuei begira, gure lan kooperatibendako onuragarria izan daiteke orain egiten gabiltzan hau. Izan ere, kooperatibista, edozein bazterretakoa dela ere, oso sentibera da beste kooperatiba batzuek saltzen dituzten produktuak erosterakoan. Eta aditzera ematen badiegu gure kooperatibek kalitatezko, puntako, erosgaiak dituztela, erosi egingo dituzte. Gure helburu nagusia ez da gure salgaien publizitatea egitea, gure balioak zabaltzea baizik, baina, bide batez, gure enpresendako onuragarria bada gure lana, ondo etorria!

Australiatik Ingalaterrara...

Mundu osoko kooperatibistak elkartuko gara, 10.000 lagun, Manchesterren. Eta han ere Mondragoeko kooperatiba industrialak nabarmenduko dira. Gure ereduak jakin-min handia sortzen du kooperatibisten artean ere, aipatu dudan moduan, gutxi direlako gureak bezalako lan kooperatiba industrialak. Lan kooperatibek geroago eta indar handiagoa daukate, geroago eta ahots handiagoa kooperatibismoaren barruan. Gure kooperatibetan langileak dira bazkide; besteetan, kreditukoetan, nekazaritzakoetan, kontsumokoetan… ez dira. Mondragoeko kooperatibetan langilea da nagusi, eta ez kapitala. Horrek sortzen du jakin-mina. Guretako lanak dauka boterea; kapitala baliabide bat da. 

Hori da gakoa?

Bai, kooperatibetan pertsonari ematen diogu boterea, eta ez kapitalari. Horregatik, irauli egiten dugu sistema eta etorkizuna. Paradigma inportantea da. Lan kooperatiba industrialak hor egon dira betidanik, baina Mondragonek erakutsi du kooperatiba horiek eredugarriak eta lehiakorrak izan daitezkeela gaur egun mundu mailako merkatu globalizatu honetan. 

Durangon ospatuko da azaroaren 11n kooperatiben festa...

Urte osorako egitaraua antolatu du aurtengo Konfekoop-ek, Euskal Herriko kooperatiben konfederazioak. Eta amaiera emateko, kongresu batekin amaitu beharrean, festa batekin amaitzea erabaki zen, egokiagoa zelakoan. Kooperatibistak, bazkideak eta haien familiakoak, baina kooperatibistak ez direnak ere hara gonbidatu nahi ditugu. Landako gunean eta Plateruenan egingo da. Bertsolariak, antzerkiak, umeendako jolasak, musika, eta abar izango dira, baita herri bazkaria ere. Egun osoko jaia. Kooperatibek mundu hobea eraikitzen dute izango da egun horretako festan erabiliko den leloa.

Otalorako jauregia zertarako erabiltzen duzue?

Kudeaketa eta kooperatibismoa erakustea helburu duen ikastetxe bat dago han. Masterrak, ikastaroak, eta abar antolatzen ditugu, kooperatibistak formatzeko: balioak, printzipioak… Eta kudeatzaileak edo zuzendariak ere formatzen ditugu. Mintegiak ere antolatzen ditugu: lidergoa, kudeaketa, marketina, estrategia… lantzen dira. Kooperatibek egin duten inbertsiorik inportanteenetakoa da Otalora. Izan ere, taldea egiteko eta elkar ezagutzeko ere oso baliagarria da han eskaintzen dena. Komunitatea garatzeko ezinbesteko oinarria da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak