Kurtzetxiki arrasatearren eskura jarri gura du Udalak

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko urriaren 29a

Udalak jendaurrean aurkeztu berri ditu Kurtzetxiki mendia balorean ipintzeko dituen egitasmo ezberdinak. Kulturaten egin du aurkezpena, eta bertan egon dira udal ordezkariak eta baita auzo-alkate, baserritar eta oro har, interesa agertu duten herritar ugari ere.

"Arrasatearrei Kurtzetxiki mendia hurbiltzea". Horixe da Udalak daukan egitasmoaren oinarria. Modu ezberdinak baliatuko dituzte horretarako. Josu Pereda Ingurumen Saileko zinegotziak adierazi duenez, hamabost urte dira Kurtzetxikiko lurrak publikoak direla. "Ideia ugari eduki ditugu ordutik, eta azkenean batzuk aurrera eramaten hasi gara".

Modu horretan, Kurtzetxikiko 60 hektareari erabilera ezberdinak emango dizkie Udalak: zatirik handiena egina dago, 30 hektareatako artadi bat da. Baso trinkoa da eta hori zaindu eta babestuko dute. Beste 10 hektarea larre bat sortzera bideratu dute, 1.go sektoreari eskainiz. Eta azken 20 hektareatako artadi gazteak osatzen dute.

Peio Garai Ingurumen teknikariak abeltzaintzaren garrantzia azpimarratu du: "Herriko abeltzainei aukera eman gura diegu bertako lurrak erabil ditzaten". Baina gainera, bideak garbitu eta herritarrek aisialdirako erabil ditzaten ere gura dute: "Informazio panelak ipiniko ditugu, ibilbide ezberdinak markatu... Udan gainera, Kurtzetxikiko elur-zuloa konpondu genuen, alde batetik ez erortzeko, eta bestetik antzinako lanbideak gogoan edukitzeko".

Oraindik ere gauza batzuk zehazteke dutela ere gaineratu dute udaleko langileek, esate baterako, animalientzako ura nondik atera pentsatu behar da: "Ur-bilatzaile batek ura dagoela esan digu, baina orain nola kudeatu, nola azaleratu ikusi behar dugu".

Halere, lanean jarrita daude, eta besteen artean, lehenengo sektoreko herritarrei dei egin diete beraien animaliak Kurtzetxikiko larreetara eraman gura izanez gero. "Gurekin jarri daitezke harremanetan, BAZera joanda, ingurumen zerbitzura deituta edota auzo-alkateen bitartez".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak