Adin ezberdineko 60 bat txistulari kalez kale Arrasaten

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko urriaren 27a

Arrasateko Udalaxpe txistulari elkarteak antolatutako Leintz bailarako III. Txistulari Egunak bete ditu aurreikuspenak. Eguraldi eskasari aurre egin, eta 60 bat txistulari elkartu dira goizean goizetik kalejira, hamaiketakoa eta kontzertua egiteko; ordubeteko saioa egin dute Arrasateko Herriko plazan.

Eskoriatza, Aretxabaleta, Leintz-Gatzaga, Oñati eta Soraluzeko txistulariak hartu ditu aurten Txistulari Egunak, Arrasatekoak ahaztu barik, noski.

Txistulariek argi dute txistua bultzatu beharra dagoela. Arrasaten, esaterako, nahiko talde handia omen dabil txistuaren inguruan, baina Soraluzen, adibidez, galzorian egon da. Ikaslerik ez zegoela-eta kendu egin dute musika eskolako eskaintzatik.

Jende gazteak ez du txistua aukeratzen, eta eskaintza erakargarriagoa egin behar dela adierazi du gaur Arrasaten elkartutako batek baino gehiagok. "Folklorearekin lotzen da, baina bestelako emanaldi eta kontzertuak ere egin daitezke txistuarekin".

Horren adibide izan da eguerdian Herriko plazan egindako emanaldia. Kantu herrikoi asko jo dituzte, baina baita bestelako piezak ere. Kontzertu amaieran Pirritx eta Porrotx pailazoen Maite zaitut eskaini dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak