Datutan sartuta, bederatzi zuhaitz kendu egingo ditu Arrasateko Udalak, besteak beste, Monterron parkeko izkina batean dagoen indiar gaztainondo bat, siku dagoelako; Gipuzkoa etorbideko hiru konifera handi kendu egingo dituzte; Gazteluondo kalean, Arrasate pasealekuaren gaineko aldean siku dagoen amerikar haritz bat kendu egingo dute, Gorostiza pasealekuan, antzinako araztegian dauden beste bi zuhaitz ere bai eta Zaldibarko atzeko aldean, etxebizitza baten ondoan dagoen pago-lizar bat kendu egingo dute.
Adar mozketak
Adar mozketei dagokienez, berriz, Santa Barbara inguruan halako bi jarduera egingo dituzte: batetik, Intxaurrondo etxetik gertu dagoen almeza edo basaka baten adaburua moztu egingo dute oso oker dagoelako, eta bestetik, inguru berean oker dagoen haritz amerikar bat inausi egingo dute.
Loramendi kalean, berriz, bi farolari eragozpen egiten dieten bi zuhaitzen adarrak moztu egingo dituzte, eta Erguingo eskolan, bertako kiroldegi berriaren teilaturaino iristen diren bi zuhaitz inausi egingo dituzte.
Arbolapeta eta Monterron
Eta inausketa bereziei dagokienez, lehen esandako moduan, Arbolapetako indiar gaztainondoaren eta Monterrongo sarreran dagoenaren adaburuak metro bana txikitu egingo dituzte, eta Zaldibar parkean, Grupo San Juanen, Jose Luis Iñarra errebueltan eta Mesedeetako ikastetxepeko pasealekuko zuhaitzen adar sikuak moztu egingo dituzte.