'Hirugarren azala' erakutsiko du Angerrek azaroan

Jon Berezibar 2012ko urriaren 23a

Ospatzeko motiboak pilatzen ari zaizkie Angerrekoei aurten. Taldeak 15 urte bete berri ditu Musakolako entsegu  lokaleko hormak astintzeari ekin zionetik eta gutxira disko berria kaleratuko du laukoteak. Hirugarren azala izango du izena Arrasatekoen hirugarrenak.

Estudioaren sekretupean daukate guztia gordea eta aurrerapen gutxi eskaini dute momentuz. Hirugarren diskoa izango dela jakina da – Biluztu (MusikHerria, 2005) eta Sedukzioaz (MusikHerria, 2009) luzeen ostean – eta iragarri dute Hirugarren azala izango duela izena. Bonberenea Ekintzarekin kaleratuko dute, onbidean, azaroaren 22an lana. Hori bakarrik ez, Hirugarren azalak izan duen azala ere erakutsi dute, hain zuzen.

Gainontzeko guztia ondo gordeta daukate momentuz. Azken asteetan ibili dira lan berria grabatzen Oiartzungo (Gipuzkoa) Portugal Txiki estudioan Josema Linazasoro teknikariarekin. Hirugarren azala lanak “irudiaren, simulaketaren eta espektakuluaren jendartea" du jomuga eta "guztia errealitatea baino errealagoa den hirugarren azal horretako bizimoduaz” dihardu, MusikaZuzenean.com webgunean ireki berri duten blogean azaldu dutenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak