Zelako ekitaldia egingo duzu?
Tailerra. Kontsumo kontziente eta arduratsua abiapuntu hartuta, jendearen interes eta zailtasunen arabera landuko dugu, ze kontsumoak berez tarte askotarako eman baitezake: kontsumoa jantzietan, bankan, garraioan… Gako orokorrak landuko ditugu, praktikotasuna aintzat hartuta.
Hala ere, mezu orokorra zera da: Gutxiago kontsumitu, hobeto bizi, justu orain arte jaso dugun mezuaren kontrakoa…
Bai. Gutxiago kontsumitzeak abantailak izan ditzake maila pertsonalean, askatasuna ematen digulako. Azken urteotan ikusi ditugu hipotekek eragiten duten lotura, adibidez. Eta gainera, kontsumo txikia osagarria da ingurumenaren babesarekin eta justizia sozialarekin, ze gutxi batzuk asko kontsumitzeko, beste batzuk gutxi kontsumitu behar baitute.
Badiozu, baita ere, gutxiagorekin bizi izateak asebetetasuna emango digula; zela?
12.000 euroko autoa erosten ez badut, eta zaharrarekin edo garraio publikoarekin aurrera egin, ba pentsa zelako lasaitasuna izan dezakedan gastu hori ez egitearren. Edo gehien igartzen duguna gaur egun da denbora falta, bataz beste ordu gutxiago egiten dugu lo, gurasoen ehuneko altu batek egunean bi ordutik behera ematen du seme-alabak zaintzen… Bada, behar material gutxiago baditut, gutxiago kontsumitzen badut, denbora luzeagoa daukat niretzat garrantzitsuak diren gauzak egin ahal izateko, eta, beraz, bizi kalitatea handitzen dut.
Ez dut argi ikusten kontsumoa txikitzeak bizi kalitatean zela eragin dezakeen; bizi kalitateak denbora librearekin edo lan jardunarekin lotura zuzenagoa duela esango nuke.
Jakina, hori oztopoa da. Hau da, bakarka ezin zaie erantzun eguneroko oztopoei. Nik erdia gasta dezaket, baina lanean ez badut aukerarik lan jarduna txikitzeko, ezin dut ezer egin.
Oso galdera ona da egin didazuna, argi geratu behar delako aldaketa indibidualez gainera, aldaketa legalak, politikoak, ekonomikoak, estrukturalak… behar direla ezinbestean, ohitura aldaketak…
Ze punturaino hori ez da, baina, utopikoa?
Egia da, mentalitate aldaketa, eta aldaketa politiko-ekonomiko…garrantzitsuak egin beharko liratekeelako, eta ezin direlako egun batetik bestera egin. Izan ere, ez da utopikoa, bidea eginez ikasten goazelako, irabazten: ekarpenak egiten dizkidaten pertsonak ezagutzen ditugu, osasunean irabazi egiten dugu… eta guztietan garrantzitsuena, sare sozialekin bat egiten dugu: produktu ekologikoak lantzen dituztenak, seme-alabak zaintzeko hazkuntza taldeak ezagutzen ditugu, eta abar. Eta horixe bera da gakoetako bat: prozesua antzeko pentsamendua duten pertsonekin konpartitzea ezinbestekoa da. Bestela, oso zaila da, kontra-korrontean ibiltzea delako.
Kontsumo arduratsuak oraindik alternatiboak diren produktuak kontsumitzea dakar; askotan, mitoak eta gezurrak izaten dira, baina ze punturaino produktu alternatibo horiek ez dira garestiagoak?
Normalean egia da. Produktuaren kalitate hobearen ondorioa da garestitzea, edo produktu minoritarioak izatean haiek banatu edo komertzializatzeak dituzten zailtasunek eragiten dute garestitzea… horregatik ez da bide ona orain arte moduan kontsumitzen jarraitzea produktu alternatiboak erabilita. Hau da, gakoa ez da, adibidez, urdaiazpikoa astean bost bider jan nahi izatea, baina, gainera, orain ekologikoa eta ezkurrezkoa izan dadila. Kantitatea kalitatearengatik alda dezakegu. Astean bost bider jan beharrean astean behin jan, baina kalitate hobeko urdaiazpiko osasuntsuagoa izan dadila.
Gehiago da eskema aldatzea marka aldatzea baino. Hau da, lehen paketeko saltxitxak kontsumitzen bagenituen, gauza ez da pakete horren marka aldatzea, baizik eta produktu freskoak jatea. Kontsumo kontzienteak ez garamatza beti aurreztera, baizik eta gastua birbanatzera garamatza. Lehen jantzi, teknologia eta bestelakoetan gastatzen genuena, orain gastatuko dugu hobeto eta osasuntsuago jaten, kalitatezko denbora luzeagoa familiarekin ematen, lagunekin… Gehiago da lehentasunak gure balioekin harmonian jartzea.
Gako bi aipatuta, orokorrean zeintzuk dira kontsumo arduratsuaren gakoak?
Gako praktikoa da jakitea ohitura aldaketa prozesu motela dela. Adibidez, hilean aldaketa bakarra egitea gutxi dela dirudi, baina eutsiz gero, urtean 48 aldaketa dira, eta hori asko da gure bizitzan. Beraz, gakoetako bat pazientzia litzateke, beste bat malgutasuna; hau da, ez ahalegindu guztia perfektu egiten lehen egunetik. Beste gako bat izan daiteke prozesuarekin gozatzea; hau da, aldaketak ez auto-inposatzea. Beste bat antzerako pentsamendua dutenekin bat egitea eta beste gako bat aitortzea politikaren, gizartearen…garrantzia, eta konturatzea aldaketa orokor bat ez dagoela norberaren esku, pertsona indibidualen esku, baizik eta erantzukizun politiko, ekonomikoa… ere badagoela.
Liburua idatzi duzu horretaz…
Bai: Consumir menos vivir mejor da izenburua. Berba egin dugun hausnarketez gainera, ideia praktiko ugari daude nork bere etxean egin ahal izatekoak. Enpresen, elkarte, mugimendu, udalen… esperientziak ere jasota daude. Bestalde, webgunea ere badut: nodo50.org/consumirmenosvivirmejor.
Oraingo gure munduan bada kontsumo arduratsuarekin bat egiten duen adibide garbiren bat?
Urruti joan barik, Gipuzkoan, adibidez, oso interesgarria da atez atekoarekin lotuta lantzen diharduten prozesu politikoa, edo Abiadura Handiko Trena moduko garraio azpiegitura erraldoiak zalantzan jartzeko prozesua. Kontsumo arrazional eta ez horren xahutzailearekin bat egiten dute biek ala biek.
Eta uste duzu orokorrean badagoela sortzen kontsumoarekin lotutako kontzientzia globalik?
Handitzen doala esango nuke, modu esanguratsuan. Baina oraindik bidea egiteko falta da egoerari buelta emateko. Gobernu gehienendako herriaren zoriontasuna lortzeko bidea hazkunde ekonomikoa da. Baina pausoak ematen badabiltza; hortxe dago, esaterako, banka etikoa (Fiare…), edo elektrizitatea komertzializatzeko lehen kooperatiba sortu izana (Som Energia)… Pausoak ematen dira, baina asko falta da egoerari buelta emateko.