Interprete Desconocido: "Gaztetxeko komunetan hasi ginen punk-rock taldeen bertsioak egiten"

Jagoba Domingo 2012ko urriaren 23a

Ibilbide luzea dute Arrasate eta Leintz Gatzagako punk-rocker gazte hauek. 2008an hasi ziren gaztetxeko komunean entseatzen, eta ordutik hona gustuko doinuak lantzen jardun dute gaurko egunera arte. Taldeko bateria-jolearekin, Morenito, egon gara taldearen ibilbidearen errepasoa egin eta disko berriaren grabazio eta etorkizun planen inguruan hitz egiteko.

Noiz eta nola sortu zen Interprete desconocido?

Orain dela 6 bat urte hasi ginen Arrasateko gaztetxeko komunetan denbora pasa bezala jotzen. Hasieran, Antton, Uso, Pajero, Dani, Mikel eta ni elkartzen ginen Rip, Comando 9mm edo Social Distortion taldeen bertsioak egiteko. Beranduago, Gatzagako Ibai eta Jose-ri deitu eta taldearen formazio klasikoa osatu zen. Orduan nik 14 urte nituen eta beste taldekideek urte bat edo bi gehiago besterik ez. Ondoren, gaztetxetik, depositotako lokaletara entseatzera joan ginen eta berriz ere gaztetxean bukatu dugu, baina komunean beharrean, entsegu lokaletan gaude orain.

Lehenengo kontzertua egin arte denbora luzea pasatu zen?

Egia esan, ez dut oso ongi gogoratzen. Gure lehenengo kontzertua Arrasateko Gaztetxean izan zen, komunean jotzetik eszenatokira pasatu ginen. Material Rechazado eta Des-Kontrol taldeekin jo genuen eta sei bat kantu jo genituela uste dut, ondoren Dat tabernan jo genuen. Ordurako seirok geunden taldean, hala ere, taldeak ez zuen izenik.

Orduan, noiz jarri zenioten izena?

Esan bezala, lehenengo kontzertuak, Morenito & cia eta Riot kids izenekin eman genituen. Baina inspirazio momentu batean, lagunen batek Interprete Desconocido izena bota eta berau gelditu da gurekin.

Kanpora jotzen irteteko aukerarik izan duzue?

Bai, 2010. urtean Galiziara joan ginen, Lalin-era hain zuzen ere. Bertako lagun batzuek, Mondra vs Donra egitasmoa sortu zuten eurak hona etortzeko eta gu bertara joateko asmoz. Arrasateko Aggressive Combat eta Fight to Life taldeekin joan ginen, eta Lalin-eko Skarmento, Ultima Sacudida eta Second Army taldeekin jaialdian parte hartu genuen. Esperientzia polita eta bizia izan zen.

Urte horretan taldeak aldaketak jasan zituen.

Bai, alde batetik Mikel Iglesias-ek taldea utzi zuen, beraz gitarra batekin geratu ginen, eta bestetik, Pajero abeslaria hil egin zen. Beraz, sei izatetik lau izatera pasatu ginen; Dani, abeslaria; Ibai, baxuan; Jose, gitarran eta ni baterian. Kolpe latz hau jasan arren, taldearekin aurrera jarraitzea erabaki genuen.

Zuzenekoetan formazioaren aldaketa igerri zen?

Hasieran kontzertuak ez ziren hain zuzen eta bortitzak. Kontutan hartu behar da bi abeslarik zuzenekoetan oholtza gainean mugimendu eta giro asko jartzen dutela. Hala ere, bi urte daramatzagu horrela eta oso pozik gaude.

Sei urte pasa ondoren estudiora sartu zarete.

Bai, egia esan ez dugu presa handirik izan. Aurretik bilduma baten parte hartzeko kanta bat grabatu genuen, Nafarroa 1512-2012 Punk-Oi doinuak bildumarako Gurea da askatasuna kantua. Baina oraingoan sei kanta propio grabatu ditugu Aretxabaletako Nekrosounds estudioan. 

Nolakoa izan da grabazioa?

Oso azkarra. Asteburu batean grabatu dugu dena, Ibai baxujolea ikastera Bartzelonara joan delako eta Jose gitarra-jolea, Alemaniara joan da. Beraz, azken orduan grabatu dugunez, gauzak presaka egin ditugu! Horrez gain, sei kanta propio grabatu ditugu eta esperientzia aberasgarria izan da.

Orduan momentu honetan taldea geldi dago?

Bai. Gure asmoa, Ibai eta Jose etxera datozen asteburu edo oporretan, kontzertuak ematen jarraitzea da. Baina normala den bezala, ezin dugu astero entseatu, beraz pixkanaka-pixkanaka aurrera jarraitzen saiatuko gara.

Diskoa noizko?

Otsailean diskoa kaleratzea gustatuko litzaiguke, izan ere, oraindik nahasketak eta masterizazioa egitea falta da diskoa amaitzeko. Horrez gain, diskoa kaleratzeko laguntza bila gaude, agian kantuak beste talderen batekin split [disko konpartitua] bat egiteko erabiliko ditugu. Kopiak egiterako orduan, berriz, finantziazioan laguntzeko zigilu independienteekin hitz egiteko asmoa dugu. 

Interprete Desconocido-k denbora luzerako bizitza dauka oraindik?

Bai, nahiz eta orain taldekide batzuk kanpoan egon, ez dugu taldea lurperatuko. Erritmoa bestelakoa izango da, baina aurrera egiteko asmo finkoa dugu! Oraindik borrokan jarraitzeko indarra dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak