"Buru-belarri sartuta gabiltza entseguekin. Berez, martxoan hasten gara entseguak prestatzen, baina iraila frenetikoa izaten da. Domekero eta astelehenero egiten ditugu entseguak", azaldu digu Naroa Elortzak, Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideak. Baina oraindik badira azken orduko lanak egiteke: "Musikalki dena dago eginda; baina bigarren aktoa orain hasi gara entseatzen. Hori findu behar dugu denok elkarrekin egindako entseguetan".
"Bederatzi hilabeteko haurdunaldia da, lau egunez haurra izan eta gero hurrengo haurdunaldira arte zain egoten gara", gaineratu digu, umorez, Elortzak. "Zuzendariak aukeratzen du zarzuela; kontuan hartzen ditu dituen zailtasunak eta abesbatzako kide bakoitzaren parte-hartze aukerak".
Ikusgarriak benetan erabiliko dituzten jantziak eta agertokia: "Iazko La Revoltosa zarzuelako agertokia aprobetxatuko dugu aurten; pena da behin egin eta gordetzea. Normalean, berrerabili egiten ditugu. Jostunek lan ikaragarria egiten dute".
Interpretazio nekeza
Zarzuela guztiek amodio istorio klasikoa baten gorabeherak dituzte oinarri. Oraingoan ere, amodiozko kontuek dute traman pisua: Kubako gerrara joan den soldaduaren emaztegaiaren kontakizuna da oinarria. Amaia antzokiko taularen gainean ehun lagunetik gora izango dira aurten ere; horien artean, Arrasateko erraldoien irudiak ere bai. "Gigantes y Cabezudos zarzuela berezia izango da. Izan ere, arrasatearrak Zaragozako azentuaz ikustea edo andaluziarrez entzutea kuriosoa izango da. Ikuskizuna garantizatuta dago", dio Naroa Elortzak. Zarzuela alaia, ezaguna eta musikalki zaila eta eszena konplikatua dutelako aukeratu dutela diote elkartetik. 1898an estreinatua, bere garaian ere aurreratua zen zarzuela dugu honakoa. "Istorioa XIX. mendeko Zaragozan kokatua den arren, egun bizi dugun errealitatetik oso gertu dago, besteak beste, krisi ekonomikoa aintzat hartuta". Gaur egungo gatazka sozio-ekonomikoarekin eta gizartean gertatzen ari denarekin, zalantza barik, antzekotasun handiak bilatuko ditu ikusleak.

