Pasioz betetako 'Carmen' Arrasaten izango da

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko urriaren 22a

Bihar martitzena, Georges Bizet konpositorearen 'Carmen' lan arrakastatsua Arrasatera iritsiko da. Ikusmin handia piztu ondoren, Amaia Antzokira gerturatzen direnek gozatu ahal izango dute azkenik opera obra honekin, 20:00ean hasita.

Ozenki Elkarte lirikoak ekarriko du Carmen herrira. Jatorrizko hizkuntzan (frantsesez) izango da emanaldia. Ahotsa ipintzeko arduradunak, Opera 2001 konpainiako bakarlari eta koruak izango dira; musika, berriz, Bulgariako Pleven Orkestra Sinfonikoaren eskutik entzungo da. Bestalde, haiekin batera, Murtziako Ballet Español arituko da Amaia Antzokian. Ez da Ozenki elkarteak ekarri duen aurreneko opera emanaldia; urte hasieran La Bohème ikuskizunak edukitako arrakastaren ondotik dator Carmen gurera.

XIX. mendeko obra

Georges Bizet konpositore frantsesaren lana 1875. urtean estreinatu zen aurrenekoz, Parisen. Hasiera batetan, baina, kritikak ez ziren onak izan. Carmen estreinatu eta hilabete gutxira Bizet bihotzekoak jota hil zen, hain zuzen ere, etorkizunean bere lanak edukiko zuen arrakasta ezagutu gabe.

Kulturaten Carmen Operaren aurkezpena egin zenean, Ozenki Elkarteko Manu Gallardok honakoa adierazi zuen: "Parisen arrakastarik ez, baina bere lagun batek operari ukituak eginda, Vienan aurkeztu eta ordutik arrakastaz arrakasta lortu duen obra da".

Carmen obra apurtzailea izan zen bere garairako. Izan ere, bertan agertzen diren pertsonaiek kutsu errealista daukate; ordura arte opera gutxitan ematen zen kasua, hain zuzen ere. "Politikoki ez zen zuzena garai hartako jendartearen ikuspuntuaren arabera Carmen, bertako pertsonaiek maitatu eta gorrotatu egiten baitzuten, besteak beste." Gallardoren esanetan, istorioan ematen diren pasarteak ere, garai hartako ikuspegitik begiratu behar dira, "egun ez litzateke eta onartuko horrelakorik"

Arrakastatsua izango denaren zantzu guztiak ditu obrak. Opera zaleek ez dute Amaiako eserlekuetan eseri eta gozatzea besterik egin behar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak