Euskararen gainean berbetan Pako Aristirekin

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko urriaren 22a

AEDk antolatutako 'Lau begiratu euskararen norabideari' hitzaldi zikloaren bigarren saioa egingo dute urriaren 23an Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan. Pako Aristiren txanda izango da eta 'Euskara, hizkuntza bat bere bakardadean' gaia landuko du.

Euskal idazle eta kazetariak gaiari buruz egin digu berba: "Agertu nahi dut nola funtzionatzen duen botereak hizkuntzaren bermatzaile gisan. Hizkuntza baten hedapena sostengu ematen dion boterearen neurrikoa izan ohi da, beraz, hizkuntza baten hedapena oso murritza bada, esan nahi du atzean zeukan botereak porrot egin duela".

Aristiren esanetan, garaitu duen botere egiturak hizkuntza hegemonikoa bilakatzen du bere lurraldean, eta ahal badu beste nazio batzuetan. "Hor neurtzen da politika baten garaipena edo porrota. Gu porrot politikoetatik gatoz, eta hizkuntzaren egoera subsidiarioa nozitzen dugu horren ondorioz. Hori da euskararen bakardadea: botere garaile baten gabezia".

Bestalde, eta euskararen egoeraz galdetuta, Aristik honakoa adierazi dio GOIENAri: "XX. mende hasieran Euskal Herrian euskara%80 inguru erabiltzen zen, eta aurreko mendeetan gehiago. Azken datuen arabera demostratu da, 35 urte pasa ondoren, euskarak arriskuan darraiela, bere aurrerapen eskasa atzera pauso itzela dela inguruko hizkuntzen hedapen etengabearen aurrean". Bestalde, gaineratu du, estatu politikak behar dituela euskarak aurrera egingo badu, "politika hegemonikoak, serioak, ausartak eta konplexurik gabekoak. "Estatu propio bat lortu ezean, euskararen etorkizuna oso iluna da: bazterreko hizkuntza folklorikoa bilakatuko da, jadanik bilakatzen ari den bezala".

Guzti horretaz eta gehiagoz, 19:00etatik aurrera Kulturaten eskainiko duen berbaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak