Tradizioa eta berrikuntza izugarri ondo elkartzeagatik epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen urri hasieran Arte-an ikuskizunak Aragoiko Dantza eta Antzerki Ferian. Eta zapatu iluntzean Amaia Antzokira bertaratutakoek ongi ulertuko zuten zergatia.
Bi dantza, bi estilo
Argiak itzali eta oihala ireki zen momentu beretik magiaz betetako emanaldiarekin gozatu zuten Amaiara bertaratutakoek. Erritmo biziekin irten ziren aurreneko dantzariak jendaurrera. Sinbologiaz betetako dantza izan zen Earth apple. Sagarrez bete zuten taula gaina, ama-lurraren ikur; eta dantzariak berriz, bizirauteko gogoa duten pertsona zapaldu bilakatu ziren. Koloretsua eta pasioz betetako lana.
A place between dantzaren txanda izan zen ondoren. Guztiz aldatu zen eszenografia, argi batek apurtzen zuen bakarrik iluntasuna. Musika ere aldatu zen, lasaiagoa zen eta baita tristeagoa ere, zenbaitetan.
Earth apple estilo garaikidekoa bazen, dantza klasikorantz jo zuten kasu honetan Dantzaz Konpainiako kideek. Banaka batzuetan, taldetan egin zuten dantza bestetan, eta musikarik gabe ere zenbait pauso dantzatu zituzten, leun, geldo.
Txalaparta eta danborrak
Hamar minutuko etenaldiaren ostean, azken piezaren ordua iritsi zen. Dantzariak fin aritu ziren; aurretik taula gainean aritutako guztiek bat egin zuten bertan, eta danbor doinuez aurrena, eta txalapartari jarraituz ondoren, Flash deluxe dantzak bizia hartu zuen. Indartsua izan zen azken lana, beren aulkian geldi-geldi zeudenek ere hankekin erritmoa jarraitzen hasi ziren. Txalo zaparrada jaso zuten amaieran dantzari gazteek, lan bikainaren erakusgarri. Modu horretan, dantza munduan aurreneko lana lortzeko bidea izan gura duen konpainiako kideek, profesionaltasunik ez zaiela falta argi utzi zuten.