Indarra transmitituz dator 'Arte-an' Amaiara

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko urriaren 19a

Dantza izango da zapatuan protagonista Amaia Antzokian, 19:30ean hasita. Donostiako Dantzaz Konpainiak Arte-an ikuskizuna taularatuko du; indarra eta maisutasuna transmititzen duen lana, hain zuzen.

Berriki saritu duten ikuskizuna da Arte-an, urri hasieran Aragoiko Dantza eta Antzerki Ferian "tradizioa eta berrikuntza izugarri ondo elkartzeagatik" jaso zuen epaimahaiaren aipamen berezia. 

Istorioz betetako dantzak

Etxeko zein nazioarteko koreografoekin elkarlanean osatzen ditu bere emanaldiak konpainiak eta Arte-an ikuskizunarekin ere, halaxe egin dute. Itzik Galili israeldarra da obra honetako dantzen egilea. Alde batetik, Earth apples dantzatuko dute konpainiako kideek; ama-lurra eta bizirauteko gogoa duten pertsona zapalduei kantua izan gura duen dantza. Bestaldetik, Flash deluxe ere interpretatuko dute, hau ere Galilirena; barnean daramagunaren irudia eskaintzen duen ispilu bat den pieza.

Bestalde, maisu israeldarraren lanez gainera, Dantzaz Konpainiarentzat Lukas Timulak koreografoak sortutako A place between dantzarekin ere gozatuko dute bihar Amaia Antzokira bertaratzen direnek.

Europara begira

Dantzaz Konpainia izen bereko plataformaren baitakoa da eta honek helburu zehatza dauka: dantza munduan lehenengo lana lortzeko bidea izan gura du. Formazioa eskaintzen du, oinarrizko entrenamendua, aholkularitza bai eta konpainian bertan aritzeko abagunea ere. Donostian kokatuta egon arren, Europarantz dauka ipinita begirada Dantzazek; izan ere, Europa osoko dantzariak biltzen ditu konpainiak bere baitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak