Aste barruan zure taldekide Amets Txurruka eta Omar Fraile aurkeztu ditu Caja Ruralek Bilbon...
Bai; esan didatenez, nire aurkezpena gertuago izango da, seguruenik Arrasaten bertan. Datorren astean edo...
Caja Ruralen korrituko duzu urtebetez.
Pozik nago. Caja Ruralen beste modu batean korrituko dugu, ziklistok askeago ibiliko gara eta nire aukerak izango ditudala uste dut. Talde horretan ez dut besteendako lanik egin beharko. Aukera ona da.
Pekinen ia hamar onenen artean sailkatu zara.
Behar nuen halako lasterketa bat, batez ere nire buruari erakusteko aurrealdean ibiltzeko kapaz naizela. Konfiantza hartzeko ederki etorri zait.
Espainiako Itzulian lan ona egin zenuen, baina pertsonalki, azken urteotako asterik onena izan da Pekingoa?
Baietz esango nuke, bai lasterketan lortutako emaitzarengatik, eta baita izan ditudan sentsazioengatik ere. Espainiako Itzulian gustura ibili nintzen, baina beste lan bat egitea tokatu zitzaidan. Eta Txinara sasoi onean joan naiz, askatasunez ibili naiz, eta gozatu egin dut horrekin. Hamar onenen artean sailkatzeko aukera izan dut, baina bonifikazioengatik ez dut halakorik lortu. Pena txiki hori dut, baina oso aste positiboa izan da.
Amorruak horrenbesteko indar ematen al du?
Badirudi baietz. Bai, amorruz korritu dut, zertarako gai naizen erakusteko.
Esango nuke talde laranjan jarraitu behar ez zenuela adierazi zizuten momentuan, haserrea bai, baina aldi berean askatu ere egin zinela.
Bai, posible da. Euskaltelen presio handia egoten da, eta pertsonalki gauzak ez zaizkit oso ondo atera, batez ere azken bi urteetan. Lesioak eta beste arazo batzuk direla-eta ez dut nire neurria eman, eta horiek atzean utzita Pekinen ikusi da ondo ibil naitekeela eta, neurri batean, nire mailara itzuli naizela.
Bazenuen horretarako beharrik? Alegia, denboraldia ondo amaitzeko beharra.
Bai, duda barik, Pekingo Itzulia oso ondo etorri zait. Halako lasterketa bat behar nuen, nire buruari aurrean egoteko kapaz naizela erakusteko. Datorren urterako oso garrantzitsua zen aurten konfiantzaz amaitzea.
Pena, denboraldia motz geratu behar zaizulako. Urria, eta sasoi betean zaude.
Bueno, oporrak ere gustura hartuko ditugu; azken batean, hamaika hilabete daramatzagu buru-belarri entrenatzen, eta atseden hartzeko ordua da. Baina beste ilusio batekin hasiko gara, talde berri batean, eta erronka berriekin.
Duela 3 aste Harmailatik saioan Markel Irizarrek adierazi zuen Txinako esperientziak ez ziola grazia handirik egin. Zu lehenengoz izan zara han.
Ni gustura ibili naiz. Atsegin dut beste lurralde batzuetara joan eta han zer dagoen ikustea, eta alde horretatik aberasgarria izan da. Ondo ibili gara.
Ez zen bidaia erraza izango, jakinda talde barruan zelako gorabeherak dauden, eta baita ez duzula bertan jarraituko.
Ez, ez dugu arazorik izan. Taldekideekin oso harreman ona izan dut beti, eta zuzendari moduan Iñaki Isasi etorri da gurekin, eta oso harreman ona dut harekin. Alde horretatik, aste oso lasaia izan da.
Sikiera, Pekinen ez duzu beste batzuendako lanik egin behar izan.
Bai, polita izan da askatasun horrekin korritzea, eta emaitza ona izan da Euskaltel-Euskadi taldea agurtzeko.
Talde laranjan egindako lanaren balorazioa eskatzen badizut orain, eta bost urte barru, seguru ez dela berdina izango.
Baliteke. Baina sei urte egin ditut Euskaltel-Euskadi taldean, eta egia esan behar badut nire sentsazioa da oso momentu puntualetan baino ez dudala erakutsi nire benetako maila. Lesio mordoa izan dut, hezur mordoa hautsi ditut erorikoen kulpaz. Lepauztaia hiru aldiz hautsi dut, sahietsak sei alditan, eskumuturrak... Kontua ere galdu dut dagoeneko [Barre]. Eta pena horrekin geratzen naiz, jarraipenik izan ez dudalako, ezin izan dudalako egin denboraldi bat lesiorik gabe.