Burujabetza politiko-ekonomikoa aldarrikatu du EH Bilduk, Arrasaten

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko urriaren 19a

Gaur iluntzean Arrasateko Kulturateko Areto Nagusian ekitaldia egin du EH Bilduk. Tartean Pello Urizar arrasatearra egon da, koalizioko Gipuzkoako zerrendatik bigarrena. Jende ugari gerturatu da herritarrek hitza izan duten eta musika ere egon den hauteskunde kanpainako ekitaldira.

Ekitaldi jendetsua izan da. Eguraldiagatik tokiz aldatu behar izan dute ekimena, Herriko Plazatik Kulturatera, hain zuzen. Aurkezpenen ostean Pello Urizarrek hartu du hitza eta berriki sinatutako Edinburgoko Akordioa izan du hizpide aurrena."Eskozian gertatutakoa, normala da. Horixe da normaltasuna, horixe demokrazia. Normaltasun hori nahi dugu guretzako ere, Euskal Herrirako ere".

Jarraian, subirotasun politiko eta ekonomikoz aritu da, eta baita Aieteko Adierazpenaz ere. Aieteko Adierazpenaren urtemuga pasa berritan, Euskal Herria Bilduk  duen konpromisoa erabatekoa dela gaineratu du Urizarrek.

Politikariaren ostean herritarren txanda izan da. Batzuek beraien botoa zergatik emango dioten adierazi dute (emakumearen egoera, baserritarren aldeko apustua, presoen eskubideak...) beste batzuk kantatzera ere animatu dira, gitarrek lagunduta.

Gitarrak lagun, kantua ere egon da ekitaldian

Urizarrek gaurko ekimenean adierazi du, domeka pasata, astelehenetik bertatik lanean jarraituko dutela "asko baitago egiteko, eta lortzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak