Eskopeta beharrean argazki-kamera

Arritxu Barruso 2012ko urriaren 19a

Iñigo Jimenez arrasatearrak hamabi, hamalau edo hamasei ordu igaro ditzake ezkutalekuan, adi-adi, nahi duen hegaztia harrapatu arte. Hegaztien ehizan ibiltzen da, baina ez du eskopetarik erabiltzen horretarako, eskopeta batek baino gehiago pisatzen duen argazki-kamera baizik. Horixe da arrasatearraren zaletasuna, hegaztiei argazkiak ateratzea.

Ezkutuan eta isilik 

Argazki aproposa lortzeko hegaztiak berarengana hurbiltzea lortu behar izaten du, eta hori ez da erraza; ezkutalekuan, edo hide deiturikoan, sartu eta geldi-geldi egon behar izaten du: "Hegaztiek entzumena eta ikusmena oso garatuta daukate eta berehala konturatzen dira inguruan zerbait arraroa gertatzen bada. Reflexak argazkia ateratzerakoan egiten duen klik horrek ere uxatu egiten ditu askotan".

Harrapariak gustukoen

Hegazti guztiak ditu gustuko arrasatearrak, baina kontatu digu harrapariek ematen diotela atentzioa. "Azkenaldian arrano beltzaren atzetik ibili naiz eta duela pare bat aste lortu nuen argazkia. Baina ez da nik nahi dudan argazkia; beraz, itzuli egin beharko dut nahi dudan argazkia ateratzeko". 

Ateratako argazkiak blogera igotzen ditu (http://inigojimenezbanos.blogspot.com.es). Zaletasun ezezaguna den arren, Interneten mugimendu handia dagoela kontatu digu: "Jendeak esaten dit zoratuta nagoela [Barre], baina uste dutena baino zaletasun zabalduagoa da". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak