RIP taldeko Karlos eta 'Portu' omenduko dituzte zapatuan

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urriaren 23a

Zapatuan, hilak 27, Karlos eta Portu-ren omenezko kontzertua egingo dute Arrasateko gaztetxean 22:00etan. Aspaldiko ohiturari jarraituz, bi urtetik behin RIP taldeko kide ziren Karlos eta Portu-ri omenaldia egiten diete lagunek Arrasaten. Aurten, gainera, hil berri den Mariano Puñetazo ere gogoan izango dute. Honako taldeak ariko dira: Garraxi, Piztu Punk! eta Insershow.

Garraxi Arrasateko talde gazte bat da, punkaz gain beste estilo batzuk ere lantzen dituena. RIPen izpiritua barneratu eta bestelako ibilbidea egiten jakin duten gazteek osatuta. Belaunaldi berrien isla.

Piztu Punk! proiektua RIP, Obligaciones eta beste hainbat taldetako kideek osatzen dute. Oso gutxitan egiten dituzte kontzertuak eta haien errepertorioan kantu rockero indartsuak dira nagusi, Euskal Herrian dagoen frontman harroputzenetarikoa abeslari dutela.

Insershow Kataluniatik datoz. 2003an 'oodi Social, Monstruacion, LSD eta beste taldeetan aritutako zenbait txakur zaharrek erabaki zuten aldarrikapeneko jaialdietan kantu ezagunak jotzeko taldea sortzea. 80ko hamarkadatik gaur egunera arteko Euskal Herriko eta Kataluniako 100 abestiko kantutegia dute eta publikoa beraiekin abestera gonbidatzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak