Herriko merkataritza sustatuz, ondarea ezagutarazten

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urriaren 16a

Ibilbide kulturalak zozketatuz hasi zuen iraila Arrasateko Ibai-Arte merkatari elkarteak eta ibilbide horiek egiteko momentua da orain: lau guztira, urriko eta azaroko zapatuetan egingo dituzte, aste honetan bertan hasita. Arrasate Zientzia Elkarteak egingo ditu gidari lanak, herri bertako altxorra ezagutzera emateko helburuarekin.

Herriko merkataritza sustatzea eta ondarea ezagutzera ematea; helburu biek bat egin dute oraingoan Arrasaten. Udalaren, Arrasate Zientzia Elkartearen eta Ibai-Arteren arteko elkarlanaren bitartez, irailean Ibai-Arteko dendetan merkatari elkarteko txartelarekin ordainketa egin dutenen artean, alde zaharra ezagutzeko bisita gidatuak zozketatu dituzte.

Ibai-Arteko Jesus Mari Elkororen esanetan, ezagutza falta badago baina baita kuriositatea ere, Arrasateko alde zaharrak zer ezkutatzen duen jakiteko. Trago eta mokaduz lagunduta, bisita berezia izango da, gainera; ordu t'erdi inguruko iraupena izango du; eta udazkenean gaudela kontuan izanik, ez da aire librean izango, leku itxietan baizik.

Nondik nora

Gidari lanak egingo dituen Arrasate Zientzia Elkarteko Arantza Otaduyk aurreratu duenez, erakutsiko dituzte Harresi aretoa, Iturriotz kalea apur bat, San Juan parrokia, Erdiko Kaleko zati bat eta Herriko Plaza; eta handik, Seber Altube aldera jaitsi eta gero, Kulturateko klaustroetara joko dute. Bisita horrekin, hiribilduaren sorrera eta garapen arkitektoniko eta urbanistikoa azalduko dituzte eta baita gehiengoarentzat ezezagunak diren hainbat anekdota ere.

Historia eta aberastasun handiko herria da Arrasate eta jendea ari da ezagutzen, apurka-apurka. Ikastetxeetan, esaterako, Mankomunitateko Turismo Sailaren bitartez, egiten dituzte hiribildua ezagutzeko irteerak, baina beste adin tarte batzuetan badira hutsuneak oraindik.

Udalaren babesa

Merkataritza sustatzeko helburuarekin Udalak eta Ibai-Artek sinatutako hitzarmenaren beste fruitu bat da oraingo hau. Inaxio Azkarraga-Urizar alkatearen esanetan, garai zailei aurre egiteko lana beharrezkoa da eta Udala laguntzeko gertu egongo da beti.

Azarotik aurrera ere bai

Behin lau zapatuok pasata, onuradunez gain, interesa duen orok egin ahalko du bisita gidatu hau, bere eskaintzan sartu baitu Arrasate Zientzia Elkarteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak