Arkaitz Izagirre: "Berogailua 21 gradutik gora ipintzen badugu, energia alferrik galtzen gabiltza"

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 15a

Azken asteotako eguraldiari begiratuta ez dirudien arren, urtaro hotzean sartu gara Euskal Herrian. Berogailua gero eta gehiago erabiliko dugu, hortaz. Aurten, krisiaren eraginez, renove planik ez da egongo, eta horregatik, nork bere kabuz ahalik eta gutxien gastatzea inoiz baino garrantzitsuagoa izango da. Setalde enpresako instalakuntza termikoetan aditua da Arkaitz Izagirre, eta, haren esanetan, "erabilpena da garrantzitsuena".

Berokuntza kanpaina hasi da. Euskadin nahiko hotza izaten da urtaroa, ezta?

Bai. Gutxi gorabehera, urri erdialdean hasten da berokuntza kanpaina eta apiril erdialde edo martxo bukaerara arte irauten du. Hilabete dezente dira.

Eta horrek esan nahi du ordu dezente izan beharko dugula berogailua piztuta. Zenbat?

Norbere erabilpenaren araberakoa da, baina bost eta 10 ordu artean egunean, batez beste, etxebizitza bakoitzean. Horrek 5 eta 10 euro arteko gastua dakar eguneko, batez beste. Urte bukaeran, 1.200 eta 1.500 euro arteko faktura da, ur bero sanitariorako eta berogailurako gas naturalaren gastua hartuta. 

Eusko Jaurlaritzak ez du renove planik egingo…

Ez. Lehengo urtera arte, galdara berritzeko dirulaguntza bat ematen zuen, eta 200 eurokoa zen. Aurten, hori ere, bizi ditugun garaiekin, kendu egin dute.

Euskadi osoan, zenbat galdara daude aldatzeko beharrean, Setalderen arabera?

Zaila da esaten. Dena dela, urte askoan galdara indibidual asko jarri dira, horiek pixkana-pixkana berritzea eskatzen dute eta nik uste dut asko dagoela alde horretatik egiteko. Izan ere, galdara batek, gutxi gorabehera, 10 urteko bizi iraupena du; hortik aurrera, errendimendua jaitsi egiten da. Beraz, esango genuke 10 urtean behin aldatzea izango litzatekeela egokiena.

Ondorio txarrak izango ditu ez aldatzeak…

Alde batetik, teknologia gero eta bizkorrago aldatzen da, eta, horren eraginez, kontsumoa jaitsi egiten da; horrez aparte, galdara zaharrak errendimendu txikiagoa dauka; ondorioz, kontsumo handiagoa egiten du, eta horrek zuzenean dakar CO2 eta beste jario batzuk handiagoak izatea.

Oso garrantzitsua da etxea isolatzea, ezta?

Bai, hala da. Orain arte izan da leihoak aldatzeko dirulaguntzarik, baina aurten, orain arte behintzat, ez da deialdirik agertu. Garbi dagoena da edozein berokuntza sisteman gauzarik inportanteena isolamendu ona dela; demandatzen, erabiltzen ez duzun energia, hori da aurrezten duzuna. 

Nondik datoz energia galera handienak etxebizitza baten?

Sistema bera egokia edo ez egokia izateak zerikusi handia dauka, baina erabilpenean dago gako handiena. Izan ere, konfundituta ditugu kontzeptuak: termostatoak behar baino gehiago, konfort mailatik gora igotzen ditugu, eta hortik gastu gehiegizkoak datoz.

Ze tenperaturatan komeni da berogailua edukitzea?

Norberaren sentsazioaren arabera doa, baina gure gomendioa da 20-21 gradutik gora ez igotzea. Hortik aurrera, energia alferrik galtzea da.

Beste erkidego batzuetan, 200 euro arteko dirulaguntzak emango dituzte fabrikatzaileek. Zer deritzozu?

Hemen ere, dena ondo etorriko litzateke laguntza gisa. Jakina, hori fabrikatzaileek eurek erabaki beharrekoa da, baina azkenean bai, ona litzateke.

Euskadin ze energia mota kontsumitzen da gehien?

Etxebizitzan, elektrizitatea eta gas naturala. Gaur egun, berokuntza sistemetan, gas naturala da nagusi.

Teknologia aipatu duzu, azkar aldatzen doan teknologia. Nondik datoz horiek, berokuntza sektorean?

Orain datorrena eta etorkizuna  dena kondentsazioko galdarak dira. Galdarak botatzen duen ke horren berotasuna aprobetxatzen du eta, horrela, bere errendimendua asko handitzen da. Hori erregulamendu sistema on batekin bateratu behar da. Horrelako galdarak dagoeneko instalatzen ditugu. Guk askotariko aukerak ematen dizkiogu bezeroari, baina gure apustua kondentsatziozko teknologia da beti.

Euskadin, non egiten da gas natural kontsumo handiena?

Industriak kontsumo handia egiten du; aldiz, Europan, klimarengatik, berogailuan gehiago kontsumitzen dute. Guk Europako batez bestekoa baino gehiago kontsumitzen dugu industrian.

Nola aurrez dezakegu etxean?

Nola erabiltzen dugun da garrantzitsuena. Nire gomendioa da 21 gradutik gora ez ipintzea eta, erabiltzen ez den orduetan ez uztea erabat hozten, baizik eta 16-17 gradu inguruan utzi. Gainera, programatuta uzteko moduko termostatoa izan daiteke; ez da inbertsio handia. Erradiadoreetan, balbula termostatikoak erabiltzea komeni da etxean gutxiago erabiltzen diren lekuetan. Eta ez izan egun osoan leihoak zabalik; egunean 15 minutu nahikoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak