Amaia Albes: "Lan handia egin dut eta halako sariek indarra ematen dute jarraitzeko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urr. 15a, 12:00

Ondo egindako eta ilusioz jositako lanak emaitzak ematen dituela erakutsi du beste behin Amaia Albesek (Arrasate, 1989). Donostiako Cut Off moda lehiaketan lehen saria jaso berri du eta aste bukaera honetan bertan haren kolekzioa ikusteko aukera egongo da Donostia bertan, San Telmo museoan.

Hasteko, kontaiguzu zer den Cut Off lehiaketa.
Kustomizazio lehiaketa bat da, arropa zaharra hartu eta berritzean datza. Edozer egin daiteke, irudimena erabiliz: moztu, tindatu, lixiba erabili, tatxuelak jarri... Aurten lehenengoz antolatu dute eta nire burua aurkeztea erabaki nuen. 

Lehenengoa eta irabazi. Pozik?
Oso pozik, sorpresa izan da. Halako sariek asko motibatzen naute, nire lanak fruituak ematen dituela erakusten didate. Indarra ematen du jarraitzeko; lan handia egiten ari naiz eta eskertzen da halako sari bat jasotzea.

Nola joan zen sariketa?
Selekzio bat egin zuten eta aukeratuak izan ginenok desfilea egin genuen Donostian. Hori irail erdialdean izan zen; desfilea baina bi egun lehenago deitu ninduten aukeratua izan nintzela jakinarazteko.

Zer prestatu zenuen, bada, lehiaketan erakusteko?
Publizitatezko kamiseta bat eta elastiko bat hartu nituen. Zulatzen eta mozten hasi nintzen, eta ikusi nuen beharrezkoa zuela osagai bat. Hala, nire aitak ehizarako erabiltzen zuen txaleko bat hartu eta poltsa bat egitea erabaki nuen.

Zein plan duzu epe motzerako?
Aste bukaera honetan bertan showroom bat daukat Donostiako San Telmo museoan. Nire bildumako arropa batzuk eta orain arte egindako beste osagai batzuk erakusteko eta salgai jartzeko aukera izango dut. Horren ostean beste hitzordu bat ere izango dut seguruenik eta beraz, ez daukat geldi egoteko asmorik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak