Eguen honetan Galiziako talde batek bisitatuko du gaztetxea, Kooltur Ostegunen harira. Bastards on Parade taldeko kideak igoko dira taula gainera folk eta punk doinuak bertaratzen direnekin konpartitzeko.
Nazioarteko sona
Gitarra akustikoa, elektrikoa, baxua, mandolina, gaita eta flauta jotzen dituzte, David, Ruper, Davizón, Chipo, Aspy eta Dopik. Coruñan sortu zuten taldea 2007an eta ordutik zenbait lan kaleratu dituzte: Pipes & Drunx (2008), Death Shore Pirates (2010) eta Tales from the Death Shore (2011).
Talde gaztea da Bastards on Parade, baina dagoeneko beraien izena nazioartean ere ezagun izatea lortu dute. Europan zehar bira egin zuten 2010ean eta Euskal Herria, Frantzia, Alemania, Suitza edota Erresuma Batua bisitatu zituzten orduan. Baina galiziarren musika urrutiago ere iritsi da, eta Japonen, esaterako, saldu dituzte beraien lanak. Gainera, Cock Sparrer edota The Mahones taldeen omenezko diskoetan ere parte hartu dute.
Zelta doinuak ekarriko ditu, beraz, eguenean Arrasateko Gaztetxera, batzutan seikote bestetan zazpikote den talde galiziarrak.