Hiru talde egin dituzte, adinka banatuta; 2001 eta 2004. urteen artean jaiotakoak dira. Talde bakoitzean 50 neska-mutiko dabiltza; azpitaldeak egiten dituzte eta horietako bakoitzak entrenatzaile bat dauka. Entrenamenduak egin ondoren, partiduak ere jokatzen dituzte, udalerri ezberdinetan, eta ilusioz aritzen dira neska-mutilak.
Futbola, hazteko kirola
Futbolaren bidez haurrek kirola egitea bai, baina ondo pasatu, lagunak egin eta gauzak partekatzen ikastea bilatzen dutela adierazi du Bittor Arriaran Mondrako futbol eskolako arduradunak. "Ez da bakarrik futbolean aritzea, hezkuntzarekin dauka zerikusia, eta talde baten parte izatea zer den ikasteko modu bat ere bada".
Aurten ere "ume mordoxka" batek eman dute izena, eta "batzuetan irabazi eta beste batzuetan galdu egiten dela ikasiko dute, zenbaitetan poztu eta bestetan haserretu egingo dira". Gustuko duten kirolaren bidez zenbait balio ere jasoko dituztela adierazi du Arriaranek; tartean, "heziera, errespetua, laguntasuna..."
Eta ez da nolanahiko lana; izan ere, "umeek futbolean jokatu bakarrik egin gura dute, baina behin dinamikan sartuta, barneratzen joaten dira balio horiek".Baloiari ostikoak emanez eta kirola egin bitartean, hazten joateko modu bat.