Merkatu horretan, composite materialak arian-arian gainerako materialak ordezkatzen ari dira, besteak beste, arinagoak direlako, korrosioaren edo nekearen kontra erresistentzia handiagoa dutelako eta neurrirako egituren diseinuak ahalbidetzen dituztelako.
Material Konposatuetan Aditu titulua jasoko dute ikastaroa arrakastaz bukatzen dutenek. Formazio eskaintza horren lehen edizioa hainbat sektoretako profesionalei zuzenduta dago –aeronautikoa, aeroespaziala, automobila, garraio publikoa, eraikuntza, azpiegiturak, itsasontzigintza, hodiak eta gordailuak, kirola eta aisialdia eta energia eolikoa dira sektoreak, besteak beste.
Ikastaroak 300 ordu iraungo du, 20 lagunendako lekua izango da eta izenemate epea urriaren 20an bukatuko da. Mondragon Unibertsitatearen eta Gaiker-IK4 Teknologia Zentroaren instalazioetan egingo da. Gaiker Zamudioko teknologia parkean dago oinarrituta. Han dituen laborategiek 1.430 metro koadro hartzen dute, eta denetara 8.800 m2-tik gorako instalazioak dira.
Amaieran, praktikak
Prestakuntza-ekintza lau modulutan egituratuta dago, filosofia bakar batekin: ekintzarako prestakuntza. Landuko diren gaien artean, honako hauek azpimarra daitezke: aplikazioetako erronka berriak, material berriak, prozesu berriak, prozesuen amortizazioa, material-hornitzaileak, molde eta makinak eta diseinu eta entseguen jarraibideak.
Ikastaroaren amaieran, zati praktikoa izango da, bai ikasleen ohiko lantokian, bai beste enpresa batzuetan. Ikasi dutena erabiltzeko eta ikastaro-bukaerako proiektua egiteko aukera izango dute ikasleek enpresa horietan.
Azaroaren 8an
Ikastaroa azaroaren 8an hasiko da eta Mondragon Unibertsitateko zein Gaiker-IK4 Teknologia Zentroko hogeitik gora profesionalek eta adituk emango dute. Bi erakundeak adituak dira material plastikoei eta composite materialei lotutako I+G+n arloan 1980ko hamarkadatik, eta beren ezaugarritze- eta prozesatze-ekipamenduek ez dute parerik Espainian, Mondragon Unibertsitateak dioenez.