Azken urteetan hezkuntzaren arloan egindako murrizketen aurka, Ikasle Abertzaleek deituta, manifestazioa egin dute gaur Arrasaten. Bertan, Debagoieneko ikasleek euskal hezkuntza sistema aldarrikatu dute eta Espainiako gobernuak egindako erreformak euskal ikasleen etorkizuna "hipotekatzen" duela salatu dute.
Espainiako gobernua "krisi ekonomikoaren aitzakiarekin hezkuntza zentralizatzen" ari dela eta neurri honek "euskal historia eta nortasuna ukatzeko helburua" duela esan dute.
Hezkuntza, "ukiezina"
Ikasle Abertzaleek hezkuntza ukitu ezin daitekeen zerbait dela aldarrikatu dute, eta krisiaren aurretik ere hezkuntzan gehiago inbertitu behar zela aldarrikatzen zuten.
Espainiako gobernuak egindako hezkuntzaren "zentralizazioa" dagoeneko nabari dela esan du Ikasle Abertzaleak taldeko Aitzol Gandiagak eta "euskal nortasunaren aurkako neurriak" direla azpimarratu du.
Gaurko greba egunak ikasleen artean jarraipen handia izan du eta murrizketen aurka borrokan jarraituko dutela aldarrikatu dute.