Jose Mari Etxabe ARTEko kideak adierazi duenez, taila gustuko izan dezakegula uste izatearekin aski da izena ematera animatzeko. Gainera, ikasteko gogoa edukitzea funtsezkoa da, eta gauzak astiro-astiro irteten direla jakin behar da. "Egurra lantzea trankil hartu behar den jarduera da. Norbera gustura egon arte lanean aritu behar da, lasaitasunez".
Baina guzti horrez gainera, apur bat marrazten jakin behar dela gaineratu du Etxabek. "Hastapen ikastaroa oso erraza da, oinarrizko kontzeptuak ikasten dira. Bestelako ikastaroak ere antolatzen ditugu, erdi mailakoa bata, non kutxa txiki bat egiten den; eta bestetik aurreratua, plastilinan irudia egin ondoren egurrean kopiatzen dugu". Maila horretara iristeko, baina, hasieratik hasi behar.
ARTEko kide izatea
Ikastaroak antolatzearen arrazoietariko bat, ARTEra jende berria gerturatzea da: "Gehienak jubilatuak gara, eta ikastaro hauetan parte hartu eta gustuko izanez gero, taldea berritzen joateko aukera edukiko genuke". Interesatuek deitu 620 17 42 55 edo 618 88 64 32 zenbakira izena emateko.