Debagoieneko ikasle gehienek bat egin dute gaurko grebarekin

Laida Beristain 2012ko urriaren 11

Bailarako 16 urtetik gorako ia ikasle guztiek egin dute greba gaur. Oñatiko Txantxiku Ikastolako Batxilergoko ikasleak, Arrasate Herri Eskolako Batxilergokoak, Bergarako Aranzadi Ikastolako Batxilergokoak eta  Mondragon Unibertsitateko ikasleak izan dira beste batzuekin batera greba egin duten ikasleetako batzuk. Hala eta guztiz ere, salbuespen batzuk egon dira. Gaur, eguena, 12:00etan, manifestazioa egingo da Arrasaten, Herriko plazatik abiatuta, Ikasle Abertzaleek deituta.

Oñatitik hasita, bai Txantxikuko eta bai R.M. Zuazola-Larraña Batxilergoko ikasle guztiek egin dute bat gaurko grebarikin. Mondragon Unibertsitateko Enpresagintzako ikasle ia guztiek ere greba egin dute, baina salbuespen batzuk ere egon dira, Leineko talde gutxi batzuk klasera joan baitira gaur goizean.

Bergaran ere izan dira greba egin ez duten gutxi batzuk, Bizikasi elkarteko ikasleen artean, adibidez, nahiz eta gehiengoak greba egin duen kasu horretan ere. Aranzadi Ikastolan berriz, Batxilergoko ikasle guztiek egin dute greba, eta GLHBI Miguel Altunako erdi eta goi mailako heziketa zikloetako ikasleek ere bat egin dute deialdiarekin, klasera joan diren gutxi batuk kenduta.

Eskoriatzarako ikasleen kasuan, ikasle guztiek hartu dute parte greban, bai Arizmendi ikastolakoek eta bai Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatekoek –Aretxabaletako Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasleak barne.

Arrasaten ere denetik egon da, baina greba egitearen aldeko jarrera nagusitu da. Arizmendi ikastolako  ikasleek, Arrasate Herri Eskolako Batxilergokoek, Hasierako Lanbide Prestakuntzako ikasleek eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikasleek grebarekin bat egin dute. Arrasaten greba egin ez duten ikasle bakarrak Arrasate Herri Eskolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak izan dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak