Interesatzen zaizu politika?
Bai, horixe; herritar guztioi interesatu behar zaigu harengandik datorren guztiak eragin zuzena duelako guregan. Beste kontu bat da politikariak ematen dabiltzan irudia –beti daude salbuespen errespetagarriak–, bai korrupzio kontuetan, bai programak ez betetzerakoan, edo alderdiaren interesak lehenestean herritarren interes orokorren gainetik.
Eta Legebiltzarrerako hauteskundeak?
Adin bat daukagunok gogor egin genuen borroka sasoi hartan "guztion" etsai izan zenarekin, Euskadik parlamentu propioa izateko eta handik Eusko Jaurlaritza sortzeko helburuarekin. Hortaz, horixe interesatzen zaizkidala legebiltzarrerako hauteskundeak, eta urriaren 21etik aurrera legebiltzar horrek izango duen kolore politikoa ere bai.
Zer iruditzen zaizu aurreratu izana?
Egia esan aurrerapen hau ez da izan oso esanguratsua, lau edo bost hilabetekoa besterik ez, baina uste dut asmatu egin dutela. Izan ere, beste kontu batzuen artean 2013rako aurrekontuak onartu behar dira eta zuzenena da gero hori kudeatu behar duenak onartzea, eta hurrengo legebiltzarretik sortuko den goberngua baliteke orain duguna izatea edo baliteke ez izatea.
Bereziak izango dira?
Berezitasuna da gura duten alderdi guztiak izango direla lehian, eta hautagaiak babesten bizkartzain gutxiago ikusiko direla. Gainera, aurrez aurre daukagun legegintzaldia krisiaren jarraipenak markatuko du –bide batez esan Euskadin estatuko beste erkidego batzuetan baino gutxiago igarri dugula horren eragina–, baina gure herriarendako susperraldiaren legegintzaldia izan beharko litzateke.
Zer dago jokoan, zure ustez?
Inkestek diotena betez gero, jokoan dagoena da Autonomia Estatua azken ondorioetaraino garatzen jarraituko duen gobernu eredua izango den, Euskadi autonomia osoaren jabe izateko, edo alderantziz, Euskadiko herritarren benetako arazoekin ahaztuko den gobernua izango den, murrizketa politika utopia faltsuekin mozorrotuz.
Botoa emateko asmorik bai?
Bai.
Baiezko kasuan: kanpainak baldintzatu dezake zure botoa?
Uste dut hauteskunde kanpainak direla ideiak garbi ez dituzten hautesleak –hainbat arrazoi tarteko– konbentzitzen saiatzeko. Uste dut botoa ematen duen gehiengoak kanpaina moduan duela orain arte egindako lana eta ez hauteskunde osterako agintzen dena. Izan ere, egiaztatuta dago hauteskunde kanpaina batean agintzen denaren eta ondorengo hautatuen portaeraren artean zulo handia dagoela.
Ongi deritzozu hauteskunde ostean paktuak egiteari?
Ondo iruditzen zait euren buruak paktatzera behartuta ikustea. Gehiengo osoek beldurtu egiten naute. Ez dudana ondo ikusten da naturaren kontrako paktuak egitea, Euskadin azken legegintzaldi honetan izan dena esaterako.
Zeinen artean uste duzu egingo dituztela?
Uste dut hurrengo gobernua EAJk eta PSE-EEk osatuko dutela, baina askoz interesgarriagoa izango litzateke PSE-EE eta EH Bilduren artekoa.
Nork uste duzu irabaziko dituela hauteskundeak?
Uste dut oraingoan inkestek asmatu egingo dutela. EAJk irabaziko ditu.
Eta nor izango dela lehendakari?
Hurrengo Eusko Jaurlaritza EAJk eta PSE-EEk osatuko balute Iñigo Urkullu izango litzateke, baina askoz erakargarriagoa litzateke EH Bilduk eta PSE-EEk osatutakoa, Laura Mintegirekin lehendakaritzan.
Zer eskatuko zenioke lehendakari berriari?
Ahaztu ditzala epe motzerako utopiak, gaur egun Euskadi benetan kezkatzen duten arazoetan murgilduz, horien artean ekonomia eta lanik aurkitzen ez duten langabeak –batez ere gazteak–, eta duen guztia eman dezala azken hamarkadetan esfortzu handiarekin lortutako hobekuntzak, tartean osasuna, hezkuntza, ikerketa, gizarte zerbitzuak… ez diezazkiguten kendu.
Orain arte izan ditugun lehendakarien artetik gehien gustatzen zaizuna?
Zalantza barik Patxi Lopez, gertutik jarraitzen diola Jose Antonio Ardanzak.
Zergatik?
Patxi Lopezek aurrekaririk ez duen egonkortasun soziala lortu duelako. Euste-horma legez jokatu du PPren gobernuak estatuan ezarritako murrizketekin. Eta beste kontu askotan asmatu du, baina luze joango litzateke guztiak aipatzea.