Egitarau oparoa antolatu dute hilabete hauetarako. Besteen artean, kantuak presentzia nabarmena edukiko duela adierazi zuen Kepa Urteaga kultura zinegotziak: Carmen opera, Gipuzkoako XVI. Kantu Txapelketa, edota Mississipi Mass Choir taldearen gospel musikaz gozatu ahalko dute bertaratutakoek.

Amaia Antzokiko udazkeneko egitaraua aurkeztu dute Alberdi, Urteaga eta Garaik.
Dantzak ere bere tokia edukiko du Amaia Antzokian. Izan ere, Jon Garaik azaldu zuenez, nahiko jarduera minoritarioa da, eta bi hitzordurekin indartu gura izan dute eskaintza. Dantzaz konpainiak bisitatuko gaitu urriaren 20an, Arte-an lanarekin. Bestetik, Brodas Bros taldeak Concierto Concepto ikuskizuna taularatuko du Amaian azaroaren 11n; kaleko dantza, hip-hopa izango da nagusi bertan, "gazteenek ere ederto pasatuko dute".
Urteagak gaineratu du euskal zinemarekin hartutako konpromisoari eutsiko diote, eta besteen artean, Barrura begiratzeko leihoak filma eskainiko dute azaroaren 1ean eta 2an.
Aldaketak egitarauan
Azken orduko aldaketa bat egin dute gainera urriko egitarauan. Haurrentzako Azken portua antzerkia hilaren 27tik 28ra aldatu dute, ordu berdinean, 17:00etan.