Debagoieneko Ikasle Abertzaleek biharko grebarako dei egin dute

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urriaren 10a

Azken urteetan, hezkuntzan, "bizi izan dugun erasorik handienak pairatzen" ari direla diote Ikasle Abertzaleek eta, horri aurre egiteko, greba orokorra egingo dute bihar, eguena. Debagoienean, gainera, manifestazioa egingo dute 12:00etan Arrasaten. Hego Euskal Herrian zein Estatuko beste herri batzuetan deitu dituzte mobilizazioak. Gurean, bailarako ikasleez gain, Eibar eta Elgoibarkoak ere batuko dira Arrastekora. Gobernuen azken erreformen aurka egingo dute.

Hauxe da Ikasle Abertzaleek biharko borroka eguna dela-eta, atera duten idatzia:

"Azken urteetan bizi izan dugun erasorik handienak pairatzen ari gara hezkuntzan. Oso agerikoak ez badira ere, ikasleon etorkizuna hipotekatuko duten inposaketak direla argi eduki behar dugu. Krisiaren aitzakipean eta murrizketen izendapean egiten ari diren aldaketa guzti hauek interes kapitalista eta estatalei erantzuten dioten erreformak dira.

Baina ez gaitzala engaina. Unibertsitateko tasak igotzea, gelak maximizatzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza laburtzea edo Lanbide Heziketetako erreformak aurrez emandako politiken urrats bat gehiago besterik ez baitira. Urrats handiak hori bai. Izan ere, nahiz eta agintean zein egon edo zein diskurtsoren atzean ezkutatu, Espainiako, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Euskal Autonomi Erkidegoko gobernuek aspaldi ekin zioten hezkuntzaren merkantilizazio eta pribatizazio prozesuei.

Maila berean, geroz eta nabarmenagoak dira Euskal Herriaren aurkako erasoak. Euskarak bizi duen ezabaketa sistematikoa, historia propio baten ukazioa, kulturaren desitxuraketa.... nortasun arrotzetan hezteko estrategia integralak jarri dituzte martxan. Urtez urte sakondu eta gehiago estutzen dituztenak.

Agerikoa da hezkuntza eredu honek sistema eta estatu arrotzen interesei erantzuten diela. Ikasleon eskubideak urratuak eta zapalduak dira, eta euskal herritar gisa gure hezkuntza propioa erabakitzeko eskubideak ukatua jarraitzen du.Horregatik, herri zapalduotako ikasleok indarrak batu eta etsai berdinaren aurrean ikasle posizionamendu argi bat markatzeko garaia dela iritzi dugu. Etsai berdinaren aurrean erantzun bateratua, baina aldi berean propioa emateko garaia hain zuzen ere.

Honela, irizpide amankomun batzuen baitan joango bada ere, Euskal Herrian, Nazioarteko Ikasle Mobilizazio Egun honek gure errealitateari egokitutako helburu eta garapen propioa izango du: Ikasleon Greba Orokorra, hain zuzen ere. Ikasleon Greba Orokor honen helburua, Espainiako Gobernu zentrala krisiaren aitzakian garatzen ari den hezkuntza erreforma zentralistaren aurrean ikasle masa artikulatzea da.

Baita Celaa eta Iribasek zuzendutako sailei euskal ikasleon posizio argi bat uztea. Euskal Herriko ikasleria zein Euskal Herria bera subjektu gisa aitortuz, bere hitzaren defentsa egiteko eguna izango da. Honela, sistemaren biziraupena helburu duen erreformen aurrean ezezko posizioa hartu eta hezkuntzaren gainean erabakitzeko burujabetza aldarrikatuko dugu.

Esandakoagatik, Ikasleon Greba Orokorrerako deialdia egiten dugu Debagoineko Ikasle Abertzaleok Urriaren 11rako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak