Mondragon Korporazioa New Yorken, euskal ikono gisa

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urr. 10a, 11:42

Mondragon Taldea New York-en ordezkatuta egongo da bihar, urriaren 11n, Euskal ikonoak munduan izeneko mahai-inguruan. Etxepare Euskal Institutuaren ekimenez antolatu dute eta Mondragon Taldetik Mikel Lezamiz izango da, Mondragon Korporazioko zabalkunde kooperatiborako zuzendaria.

 

Basque Cultural Exchange in NY da ekimenaren izenburua eta munduan barrena euskal ikono bihurtu diren euskal pertsonaia edo erakundeek hartzen dute parte.

Gaur, urriak 10, esate baterako, amaituko da Anthology film archives filmategiak antolatu duen Gerra zibila Euskal Herrian zikloa. Guztira, 10 emanaldik osatu dute zikloa, eta kultura gune esanguratsu honen ikuslego adituak arreta handiz jarraitu du.

Bihar, urriaren 11n, ostera, Euskal ikonoak munduan mahai-ingurua egingo dute New Yorkeko Cervantes Institutuan.

Ekitaldiak kultura eta enpresa munduan ematen den internalizazioa eta euskal ikurren etorkizuna aztertzea du helburu eta, horretarako, euskal kulturaren mundu mailako zabalkundea ordezkatzen duten hiru partaide izango ditu: Mikel Urmeneta Kukuxumusu enpresako sortzaile eta zuzendari artistikoa; Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, eta Mikel Lezamiz Mondragon Korporazioko zabalkunde kooperatiborako zuzendaria. New Yorkeko Cervantes Institutua zuzentzen duen Javier Royo idazle eta kazetaria ariko da moderatzaile lanetan.

Eta egitaraua osatzeko, Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi) eta Mike Markez euskal musikarien Baga, Biga, Higa multimedia kontzertuarekin amaituko da. Kultur transmisioa eta euskal musikagintzaren historia, erreferenteak eta zaletasuna sustatu nahi duen egitasmoa da eta euskaraz abestutako musikaren historiaren gaineko begirada proposatzen du. Emanaldi hori, urriaren 13an eskainiko dute New Yorkeko Cervantes Institutuan, programari amaiera emateko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak