Leintz bailarako Txistulari Eguna 2010. urtean abiatu zen: elkar ezagutu eta harremanak sendotzeko asmoarekin, Eskoriatzan elkartu ziren inguruko txistulariak. Bertako txistulari taldeak, Mokilmazo Samaldak, antolatu zuen lehen edizio hori eta, eguraldiak asko lagun ez zuen arren, egun ederra pasatu zuten bertaratutako guztiek.
2011. urtean, Aretxabaletako Loramendi txistulari taldeak eman zion jarraipena eta Demetrio Iriarte, Aretxabaletako txistulari handia, izan zen eguerdiko kontzertuaren ardatz. Aretxabaletan ere giro ederraz gozatu zuten txistulari eta txistuzaleek.
Aurten, berriz, Udalaxpe Txistulari Elkarteak hartu du erreleboa eta egun handia Arrasaten antolatzeko ardura; urriaren 27an izango da.
Helburua
Leintz bailarako Txistulari Egunak hasieratik duen helburua da, bailarako txistulariak elkar ezagutzea eta harremanak sendotzea. Harreman horretatik errepertorioa zabaldu, ezagutu eta, hein baten, bateratzea bilatzen da, baita beste edozein elkarlanetarako oinarriak jartzea ere.
Baina Udalaxpek beste helburu batzuk ere bete gura ditu Leintz bailarako III. Txistulari Egunaren antolaketarekin: txistulari ohiak taldera berriro erakarri gura ditu.
Hori lortzeko, hain zuzen, errepertorio samur eta ezaguna aukeratzen da txistulari egunean jotzeko. Horrela, inoiz txistua jo duten horiengana eta, famili betebeharrak direla-edo, taldea utzi zuten txistulariengana heldu nahi dute eragileek, sikiera urtean behin, berriz ere txistua kalean jotzeko aukera emanez.
Txistulari egunarekin Arrasateri kultura ekarpena egin gura zaio eta, batez ere gazteei, txistua jotzeak eskaintzen duena erakutsi: ondo pasatzea, musikaz eta lagun giroaz gozatzea, kultur jardueretan aritzearen asebetetzea…
Deia txistulariei
Antolakuntzatik dei egiten diete inoiz txistua jo izan duten txistulari denei Leintz bailarako III. Txistulari egunean parte har dezaten. Atsegin handiz hartuko dituzte eguenero 19:00etan egiten dituzten entseguetan, Zerrajerako eraikinean kokatuta dagoen Udalaxpe txistulari taldearen lokalean.
Egitaraua
11:00etan kalejira.
13:00ak aldera kontzertua eskainiko dute Herriko plazan eta doinu herrikoiak eta egile ezagunen doinuak joko dituzte: Oskorri, Kepa Junkera, Pirritx eta Porrotx, Demetrio Irirarte, Bonifazio Laskurain… Baita Arrasateko Udal Txistulari Bandako kide izandako Juan Bautista Mendietaren biribilketa bat ere. Ordubete inguruko iraupena izango du kontzertuak.
Ondoren txistulari guztiak herriko elkarte baten bazkalduko dute.
Arratsaldean kalerik kale ibiliko dira, berriz ere.