500 lagun bildu dira Foru Aldundiaren 'Herritarrekin' egitasmoko bileretan

Laida Beristain 2012ko urriaren 8a

Parte-hartze esanguratsua eta ekarpen interesagarriak izan zituztela dio Gipuzkoako Foru Aldundiak, 'Herritarrekin' egitasmoaren bilerek. 500 pertsonak hartu zuten parte, gutxi gora behera. Hamar bilera egin ditu azken hiru aste hauetan. Azken bilera hilaren 3an izan zen, Donostian.

Iaz, aurrekontuak egin ondoren jo zuen Foru Aldundiak herritarrengana haien berri ematera baina aurten alderantziz egin du. Foru Aldundiaren politikaren "ardatzetako bat herritarren parte hartzea" denez, aurten aurrekontuak egin baino lehen bildu da herritarrekin beraien iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Hamar bilera egin dituzte horretarako -Azpeitian, Zarautzen, Beasainen, Eibarren, Errenterian, Irunen, Arrasaten, Hernanin, Tolosan eta Donostian-, eta guztia 500 bat lagunek hartu dute parte egitasmoan. Horien %40 emakumeak izan ziren eta %60 gizonezkoak. Bilera jendetsuenak Azpeitikoa eta Tolosakoa izan ziren, 70 pertsona ingururekin.

Bi gai nagusiren bueltan

Guztietan, bi gai nagusi egon dira mahai gainean: garapen ekonomikoa eta fiskalitatea, batetik; eta gizarte politika, bestetik. Lehenengoari diru sarreren oinarria delako eta bigarrenari Foru Aldundiren aurrekontuen erdia suposatzen duelako eman diote garrantzia eta, horretaz gain, azken urteotan krisia dela eta gero eta garrantzia handiagoa hartu dutelako.

Herritarrek egindako ekarpenei dagokienez, garapen ekonomiko eta fiskalitatearen alorrean, Foru Aldundiak zerga politikan estrategia bat izatea eta estrategia horren oinarriak onartu ditu: progresibitatea, aberastasunaren banaketa edota iruzurren kontrako borroka. Horretaz gain, herritarrak gai honen inguruan trebatzeko egiten ari diren ahalegina ere txalotu dute. Bestalde, gastua arrazionalizatzea, bikoizketak saihestea eta ekonomia erreala suspertzea eskatu dute. Gizarte politikari dagokionez, herritarrek ontzat jo dute Aldundiak gizarte politikari lehentasuna ematea, mendekotasun legean egindako murrizketak Gipuzkoan ez ezartzea eta zentroetako itxaron zerrendak murriztea eta gizarte politika inbertsio moduan ikustea. Horretaz gain, zaharren beharrak asetzeko bitarteko gehiago ipintzea eta emakumeek beti zaintza lana egitea saihestea eta Herritartasunaren Oinarrizko Errenta gehiago zehaztea eskatu dituzte herritarrek, beste gauza batzuen artean.

Bileretan egindako ekarpen, proposamen eta gogoeta guztiak bidali egingo zaizkie hori eskatu duten parte-hartzaileei, eta esan bezala 2013ko aurrekontuak egiterako orduan kontuan hartuko dira. Behin aurrekontuak eginda, Foru Aldundiko ordezkariak berriro itzuliko dira herrietara, proposamenaren nondik-norakoak azaltzera eta haiei buruz herritarrekin hitz egitera.

Behin betiko eredua

Aurrekontuak herritarrekin lantzeko berezko eredua diseinatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta bide horretatik emandako aurrerapausoa da aurtengo bilera sorta hau. Hala eta guztiz ere, datorren urtean behin betiko eredu hori izan nahi du, gerora urtero urtero aurrekontuak egiteko erabiliko duena. Hori diseinatzeko herritarren konpromisoa eskatu du. Hori dela eta, azken asteetako bileretan lantalde bat osatzea proposatu die Foru Aldundiak herritarrei eta 97 pertsonek eman dute izena.

Arantxa Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako zuzendariak adierazi duenez, "balorazio oso ona da. Mota guztietako jendea etorri zaigu, eta gizarte eragileen ordezkaritza zabala izan da bileretan. Herritarrek iritzia emateko eta honelako prozesuetan aritzeko gogoa dute, eta beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak sakondu egingo du bide horretan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak