Olatz Olaso: "Euskararen normalizazioa maratoi bat da; poliki goaz, baina aurrera"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urriaren 8a

EMUN kooperatiba sortu zenetik 15 urte pasa dira, eta urteurren berezi hori aitzakia hartuta Euskara lanean bidea egiten jardunaldia egin zuten eguenean Garaia Berrikuntza Gunean. 140 lagun inguruk jarraitu zuten, gehienak EMUNen bezeroak. Izan ere, lan esparrua euskalduntzeko kooperatibak haiei eman zien protagonismoa. Olatz Olaso izan zen hizlarietako bat, eta harekin egin dugu berba; EMUNen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz.

15 urte lan arloa euskalduntzen. Ibilbide luzea egin du EMUNek, baina euskararen alorrean beti dago zer egin, ezta?

Bai. Askotan aipatzen dugu euskararen normalizazioarena maratoi bat dela. Aspaldi hasitako ibilbidea da eta oraindik luze joko du. Erritmoa geldoa da, aurrerapausoak ematea zaila  izaten da-eta. Hori bai, poliki goaz, baina aurrera. 

Noraino da garrantzitsua lan arloa euskalduntzea?

Lan mundua gizartearen zentroan dagoen aldagaia dela esan genezake. Eguneroko bizitzan lanaren inguruan mugitzen gara, hein handi baten, eta, beraz, euskara hor sartzeak berebiziko garrantzia du. Lan arloan dauden hutsuneak betetzen ez baditugu, euskarak ezingo du aurrera egin. 

Lan arloan aholkularitza eskaintzen du EMUNek. Nola egiten da hori?

Hasteko, gure bezeroen etxean egoten gara. Hau da, enpresa barrura sartzen gara, aholkularitza zerbitzua bertatik bertara eskaintzeko. Dinamizazio eta kudeaketa lana egiten dugu; orokorrean, lau arlo lantzen ditugu. Lehen arloa ezagutzarena da; hau da, euskara ikastea bultzatzen dugu. Baina era berean, guretako oso garrantzitsua da motibatzearena, jendea euskara erabiltzera animatzea. 

Hirugarren arloa erabilera bera da; enpresako leku ezberdinetan euskara erabiltzea bultzatzen dugu; bileretan, idatzietan edota deskantsurako guneetan, esaterako. Laugarren arloa da enpresak euskararen gaia berea egitearena, euskararen auzia egunerokotasunean txertatzea. 

EMUNek zein enpresa mota bisitatu ditu azken 15 urteotan?

Ezin da ahaztu EMUN Arrasateko kooperatiba bat dela. Beraz, hemen sortu zen eta hemengo errealitatea hobetzea du lehen helburu. Euskara planak hemengo kooperatibendako egin ziren hasieran, baina eremua zabaltzen joan gara; poliki-poliki enpresa pribatuetara zabaldu gara, eta industria enpresetatik zerbitzuen sektorera ere egin dugu salto. Azken urteetan eskaera asko jaso ditugu, euren zerbitzua euskaraz ere eman gura duten enpresena. Administrazioan ere lan mardula egiten ari gara une honetan. 

Zeintzuk dira bide horretan aurkitzen dituzuen oztopo nagusiak?

Oraindik ere asko dira. Seguruenik, euskararen normalizazioaren alde egiten duten beste eragileek dituzten antzerakoak izango dira oztopo horiek. Hizkuntza ohiturak aldatzea dakar prozesu honek, eta ohitura oro aldatzea ez da batere erraza. Kanpoko faktoreez gain, enpresa bat euskalduntzeak barne aldaketa eskatzen du, eta, beraz, oso prozesu luzea da. 

EMUNen bilakaeraren barruan zeintzuk izan dira urrats nagusiak? 

Euskara izan dugu abiapuntu hasieratik, baina urteek aurrera egin ahala konturatu gara euskarak hainbat arlo dituela. Adibidez, herri txikietan gertatu zaigu etorkinekin euskararen gaia zeharka landu beharra. Hala, immigrazioaren gaia hizkuntzaz haratago ere lantzen dihardugu. Era berean, kulturaren zentroan ere hizkuntza dago eta euskaratik abiatuz kultura gaiak ere lantzen hasi ginen; bi arlo horiek, immigrazioa eta kultura, modu berezian lantzen ditugu. 

Eta zeintzuk dira, bada, bi alor horietan EMUNek eskaintzen dituen zerbitzuak? 

Kulturari dagokionez, herri mailako kultura planak egiten ditugu. Herriko eragile ezberdinak sare berean sartzen saiatzen gara; izan ere, herri askotan hainbat talde ezberdin egon arren, elkarren artean ez dago sinergiarik. 

Etorkinen kasuan, bestalde, harrera planak egiten ditugu, bereziki. Hezkuntzan ere formazio berezia ematen diegu etorkinei, ikusten dugulako behar handia dagoela. 

Zein izan zen egueneko Euskara lanean bidea egiten jardunaldien helburua? 

15 urte hauetan egindako ehunka euskara planetan gure bidelagun izan direnekin urteurren berezia partekatzea. Hala, eguena lanerako egun moduan hartu genuen. Horregatik, jardunaldietako protagonistak bezeroak eurak izan ziren; euskara planak bizi dituzten enpresetako ordezkariak, hain justu. 

Zer landu zenuten Garaian?

Nik hartu nuen hitza lehendabizi, EMUNen ikuspegi orokorra azaltzeko. Gero, Eta protagonistok zer diogu? izenburu jarri genion bideoa erakutsi genuen, 10-12 enpresatako ordezkariek euskara plana nola bizi duten azaltzen zuena. Eurei ahotsa emateko egin genuen ikus-entzunezko hori. Gero, Julen Arexolaleibak hartu zuen hitza euskalgintzaren ikuspegitik enpresetan egiten ari den lana baloratzeko. 

Jardunaldien bigarren zatian pisu berezia eman genien tailerrei, gure bezeroak direnak komunitate bat direla kontura zitezen.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira EMUNen erronka nagusiak?

Asko egin dugu 15 urteotan, baina asko dugu egiteko. Bi erronka nagusi ditugu epe luzera: batetik, enpresek zerbitzua euskaraz ematea eta, bestetik, enpresa barruan ere euskara erabiltzea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak