Nola sortu zen Berebille Swing taldea?
Duela lau edo bost urte, Iñaki Alberdi gitarra jolearekin batera Django Reinhardt jazz gitarra jolearen abesti batzuk prestatu genituen. Bi gitarra jolek talderik gabe jotzeko aproposak dira eta, gainera, Alberdik flamenkoa jotzen zuen eta nik jazz-a. Beraz, biok jotzen genituen estiloen arteko nahasketarik naturalena gypsy jazz-a jotzea zen.
Gero taldea sortu zenuten.
Bai, ideia garatu genuenean, kontrabaxu eta biolina sartu genituen, baina gu baino maila altuagoko musikariak ziren eta formazio horrek ez zuen funtzionatu. Guk gure bidea eta estiloa garatu beharra sentitu genuen, eta berriz ere bakarrik jotzen hasi ginen. Gero, Donostialdean aritzen diren musikari gehiago ezagutu eta aurreko urtean, Jokin Zapa gitarra jolearekin, Joseba Otxoa kontrabaxu jolearekin eta Maria Lobero biolin jolearekin jotzen hasi ginen. Bosten artean zerbait berezia zegoela ikusi eta Berebille Swing sortu genuen.
Euskal Herrian gypsy jazz talde gutxi egongo dira...
Hegoaldean, guk dakigula, Gasteizen badago gypsy jazz-a jotzen duten talde bat, baina egia esan ez dago mugimendu handirik. Iparraldera joan ezkero, gauzak asko aldatzen dira: musika dendetan gypsy jazz-a jotzeko aproposak diren gitarrak saltzen dituzte eta tabernetan gypsy estiloko kontzertu asko antolatzen dira.
Zentzuk dira gypsy jazzaren ezaugarriak?
Gaur egun jazz estiloaz ezagutzen dugunaren oinarria da. Hamarkadak aurrera egin ahala, jazza gero eta estilo konplexuagoa bihurtu da, teknikoagoa eta entzuteko zailagoa. Gypsyak, ordea, folklorearekin harreman estuagoa du, entzuteko eta dantzatzeko askoz ere errazagoa da.
Ijitoen musikan alaitasuna eta sentimenduak adierazteko duten erraztasuna dira nagusi.
Emozio desberdin asko transmititzeko gai den musika da, abiadura handia du, baina oso armonia sinpleak ditu eta entzuteko oso errazak dira. Europa ekialdeko ijitoen musikak oinarri asko ditu: Errusiako musika, Moldaviakoa, Errumaniakoa... Europan zehar ibilitako ijito nomadek kultura ezberdin askoren eragina izan dute... eta hori musikan antzeman daiteke.
Zuen abestia egiterako orduan, gypsyaz aparte, beste estilo batzuen eragin al duzue?
Bai, Django Reinhartd-en eragina nabaria da, baina baditugu beste estilo batzuen eragina ere. Adibidez, Bizkaia maite abestiaren moldaketa egin dugu eta euskaraz abestutako polka bat ere badugu. Musikari bezala, estilo guztia hauek jotzea nire garapen pertsonalean aurrera egiteko balio izan dit.
30. hamarkadan oinarritutako taldea izanda, anplifikaziorik gabeko musika joko duzue?
Bai, entseatzerako orduan ez dugu anplifikaziorik, baina kontzertu askotan, mikrofonoak erabiltzen ditugu. Musika akustikoaren tradizioak eta sinpletasunak xarma berezia du.
Zuen ikusleek jotzen duzuen estiloa ezagutzen dute ala musika entzuterakoan harritu egiten dira?
Jazz kontzertuetan publikoaren eta musikariaren artean tarte handia dago, askotan publikoak ez du musikaria ulertzen. Baina gure formazioarekin hau ez da gertatzen: folklorearen eraginari esker, ume zein nagusiak dantzan hasten dira. Kontzertuak jo ahala, gaztetxe baten edo ezkontza baten jotzeko aukera dugula konturatu gara. Musika honen erritmoa barneratzea oso erraza da!
Zenbat kontzertu jo dituzue?
Otsailetik maiatzera 10 kontzertu egin ditugu eta udan geldirik egon ostean, hilabete honetan bi kontzertu jo ditugu.
Zuen abestiak grabatzeko asmorik al duzue?
Otsailean, lagun batek Bartzelonan duen estudioan lau edo bost abesti grabatu nahi ditugu. Aurrera egiteko erronka polita da zerbait grabatzea, gainera maketa batek kontzertuak lortzeko ate asko zabaltzen dizkizu.
Ba al duzue webgunerik?
Ez, baina Facebook bitartez gure kontzertuen berri ematen dugu eta bideo bat ere eskegi dugu. Hau da gure helbidea: http://www.facebook.com/Berebilleswing.