Familia giroan alkoholismoak nola eragiten duen, gaur berbaldi batetan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko urriaren 6a

Gaur zapatua, Kulturaten 'Alkoholismoaren eragina familia giroan' izeneko hitzaldia egingo dute Kulturaten, 19:00etan. Al-Anoon barneko Arrasateko Udalaitz Taldearen 38. urteurrenaren harira antolatu dute.

Alkoholismoa sufritzen duenari zulotik ateratzen laguntzeko Alkoholiko Anonimoen taldea dagoen moduan, gaixoaren familiak eta lagunek ere badaukate beraien taldea. Arrasaten duela 38 urte hasi zen Al-Anon-Alateen taldearen baitako Udalaitz Taldea egiteko horretan. Ez da erraza etxean edo lagunartean alkoholismoa duen norbait edukitzea; moduren batean edo bestean eragiten die guztiei egoerak, heldu zein haurrei. Eta ez da erraza, Udalaitz Taldeko lagunaren esanetan, horren gainean zabal berba egitea.

Hamabi lagun taldean

Eguenetan elkartzen dira Arrasate Pasealekuko lokalean. Euren esperientziak kontatzen dizkiote elkarri, egoera zehatzen aurrean nola jokatu konpartitu. Barneak askatzeko modu bat. Gaur egun hamabi lagunek osatzen dute Udalaitz Taldea; emakume eta gizonak, herri ezberdinetakoak gainera. Izan ere, zenbaitek horrelako talde batetan parte hartu gura bai, baina nahiago izaten dute beraien udalerrietatik kanpo egin Udalaitzeko lagunen esanetan.

Helduak dira hamabi lagun horiek: "Alateen taldera joan behar dira gazteak, Donostiara. Hau, seme-alabentzako laguntza taldea da. Orain dela zenbait urte Arrasaten ere egon zen, baina jende gutxi etortzen zenez, azkenean Donostiara bideratu zen zerbitzua".

Aldaketa nabarmenak

Duela 38 urte taldea funtzionamenduan hasi zenean, gauzak modu sekretuan eramaten zirela adierazi digu taldekideak. "Lehen etxean geratzen ziren arazo horiek, eta gaur egun zorionez, onartu eta aurpegia ematen duzu, eta benetan lagungarria da". Alkoholismoaren arazoa uste baino zabalduagoa dagoela adierazi digu: "Eta geroz eta gazte gehiagok sufritzen dute, gainera".

Hala, informazio gehiago edo laguntza behar dutenek, elkarteko ateak irekita dituztela gogorarazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak