Julian Urkiola: "Hemengo erlearekin amaituko du asiarrak"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urriaren 8a

Duela hiru urte izendatu zuten Julian Urkiola (Usurbil, 1945) Gipuzkoako erlezain elkarteko presidente. Vespa Velutina edo erle asiarra agertu zela bi urte pasatxo dira: "Entomologo batek duela bi urte pasatxo ziurtatu zigun lehen aldiz", dio.

Arrasaten aurten ere agertu da erle asiarraren habia bat. Gipuzkoan zenbat diren esaterik bai?
Kontuan izan behar dugu orain hasi direla indartzen eta hala arituko direla urri amaierara arte. Baina datu bat eman behar badut 700 bat habia kentzera helduko ginen. Oraindik ez dira ikusten, baina laster, hostoak erortzen direnean, bistaratuko dira.

Habia bat aurkitzerakoan, zeintzuk dira eman beharreko pausuak?
Hasteko, 112ra deitu. Gero larrialdi zerbitzuek zehaztuta dute protokoloa, azkeneraino eramaten dutena. Kasuak kasu aztertzen da nola tratatu, suhiltzaileak behar diren, basozaina joan behar den edo nor izan behar den habia kentzearen arduraduna. Izan ere, kasu batzuetan ezinezkoa izaten da suhiltzaileak bertaratzea.

Zergatik da hain arriskutsua?
Gizakiarendako ez du aparteko arriskurik. Ziztada gehienak habia nahi barik ukitzeagatik ematen dira. Baina gure ekosistemarendako oso kaltegarria da, hemengo erlea akabatuko duelako. Hemengo erlerik ez bada naturak ez du aurrera egingo. Gainera, hemengo erlea hiltzeaz gain, liztor txikiak ere jaten ditu.
Bestalde, proba batzuk egiten ari gara haragiarekin. Asko harrituko zinatekete haragia nola jaten duten ikusiko bazenute. Eta ez hori bakarrik, fruitu gozoei ere eraso egingo dietela uste dugu; mahatsari, adibidez. Mahats bilketan dihardutenei ziztatzeko arriskua ere badago. Argi esango dut: nik neuk nahiago ditut hemengo erlearen hamar ziztada, asiarraren bakarra baino.

Nola egin diezaiokegu aurre?
Tranpak jartzen ditugu baina horietan %0,2a erortzen da, eta askoz lehenago ugaltzen dira. Tranpa horiek selektiboak egiteko lanean gabiltza, erle asiarra bakarrik eror dadin. Administrazioari lan horretan laguntzeko eskatu diogu. Iaztik eskatu genuen berrikuntza eta garapen egitasmoa abian jartzeko, arazoari aurre egiteko ezinbestekoa delako. Baina oraingoz ez digute kasurik egin.

Habia bat Uribarri etorbidearen ondoan

Iñaki Zuloaga arrasatearrak erle asiarraren habia bat dagoela jakinarazi digu. Habia MUko Eskola Politeknikoaren eta Uribarri etorbidearen arteko plazan –erreka igarota– ikusi zuen Zuloagak: "Hilbehera tabernakoek aurkitu zuten habia eta argazki batzuk atera nizkion. Zuhaitz horretan dagoen bakarra da baina erraz atzeman daiteke, saskibaloirako baloi baten tamainakoa da-eta. Nik dakidala bizilagunen artean ez du eragozpenik eragin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak