Maritxu Kajoi hasi da bere esentzia barreiatzen

Ubane Madera 2012ko urriaren 5a

Gaurko egubakoitzaren berezitasun eta dotorezia agerian daude Arrasateko zenbait lantokitan goizean goizetik. Gorbatak eta soineko dotoreak jantzi, eskapularioa zintzilikatu eta hala, Maritxuren esentzia lankideenganaino eraman dute. Hala ere, eguerditik aurrera hasiko da somatzen gaurko egunaren giro berezia. Txosnak esaterako, 12:00etan zabalduko dituzte, 09:00ak arte, eten barik jarduteko asmo sendoarekin, gainera.

Batzuk dotoretuta hasi dute eguna, bezeroekin eurekin ere jai-giroa partekatuz. "Behingoz gaur nagusi izango naiz lanpostuan", esan digu Ekaitzek, Bolintxon diharduen Zigorrolako semeak.

Anak, berriz, dotoretzen hasi du eguna Richi ilepaindegian.

Kalean, gaurko egunarekin lotutako deialdi misteriotsuak ere aurkitu ditugu, Arbolapetako arbolaren bueltan.

 

Txosnak ere gertu-gertu daude, eguerdi partean karpa zabaltzeko. Gainera, edalontzien berrerabilpenerako deialdi eta guzti datoz. 

Baina, duda barik, dataz kanpo, Herriko plazan goizean goiz azaldu den makala dabil herritar guztien artean harridura eragiten. "Kontxo! Maritxuk dagoeneko egin du miraria!", da gehien entzuten den esaldia. Edozelan ere 20:30ak arte itxaron beharko dugu, miraria borobiltzen duen jakiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak