Maritxu Kajoi eguna: elegante jantziko da gaur Arrasate

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urriaren 5a

36 urte betetzen ditu festak gaur eta, horri ohore egiteko, Arrasateko herria dotore jantziko da berriz ere. Jatetxeetan ohi baino leku gehiago dago, ile-apaindegietan lan gutxiagorekin dabiltza eta jendeak inoiz baino birziklatze lan handiagoa egin du. Baina, krisiak krisi, jai giroa ziurtatuta dago gaur Arrasaten; eguraldiari dagokionean, gainera, udako giroa iragarri dute, eta hori bai dela miraria. Ondo pasau, gutxi gastau, baina mesedez, txikito bat behintzet pagau!

Arrasatearron Ama Birjinik kutunenak 36 urte bete ditu gaur. Urte asko pasa dira Pepe Txantxote jaiaren sortzaileetako batek Maritxuren omenez hartutako lehen txikito hartatik, eta, urte batzuen ondoren, 1977ko urriaren 5ean zenbait koadrila jai modura ospatzen hasi zirenetik. Arrasateko txikitero saltsero haren haziak fruitu emankorra eman du, denetariko mugak gainditu dituen jaia bihurtzeraino.

Jaia hedatu da, baina jatorria ahaztu barik. Eta urteetan aurrera egin duen arren, Maritxu gazte dago oraindik, gizartearen azken tendentziekin bat. Horren adierazle da aurtengo miraria zuzenean ikusi ahal izango dela streaming bidez Komisiñoaren webgunetik. Sare sozialetan ere oihartzun handia izan du; ia 2.400 lagun ditu Maritxuk Facebooken.

krisia bai, baina jaia ere bai

Herriak egina herriarendako. Hori da Maritxu Kajoiren esentzia, eta herriak bizi duen egoeraren isla ere bada ospakizuna bera. Krisiak jo du Maritxu: jatetxeetan ohi baino leku gehiago dago –aurten elkarte gastronomikoek izan dute arrakasta– eta ile-apaindegiak lan gutxiagorekin dabiltza. Amaia Albes diseinatzaileak hainbat dei jaso ditu iazko soinekoari aldaketaren bat egiteko eskatuz, berria erostea ekiditeko. Dunixe Royo bitxigileak ere eman dizkigu gomendioak: "Etxeko bitxiak hartu, hainbat bitxi egoten dira-eta hor zeudela ere ez zekigunak. Soinekoarekin probatuz beti egin daiteke zerbait".

Bestalde, Ceciaga dendaren hutsunea sumatuko zuten askok aurten, baina 104 urtez zabalik egon ostean, heldu da ordua Rosaritok eta konpainiak ere festaz goza dezaten. Nobenaixuan ondo merezitako omenaldia egin zieten Komisiñokoek. Izan ere, herritarrez gain, Komisiñoa da jaiaren etorkizuna bermatzen duena. Egun, 25 bat kidek osatzen dute, hainbat lantaldetan. Ospakizuna urtez urte hobetzeko lan handia egiten dute: "Bakoitzak egin ditzakeen ekarpenen arabera banatzen ditugu lanak", dio Haritz Zubiatek.

Azkenik, eguraldi iragarpenen arabera gaur ez du euririk egingo, udako giroa izango da, eta, aurrekariak ikusita, hori bada miraria. Noski, eguraldi onak kanpoko jendea erakarriko du, eta, beraz, ondo pasau, gutxi gastau, baina mesedez, txikito bat behintzet pagau!

Eskapularioa, ezinbestekoa

Maritxu Kajoi Komisiñoak "eskapularioa zintzilik eta dotore-dotore jantzita" irteteko deialdia egin du aurten ere. Aurrez lortu ez duenak salgai izango ditu taberna batzuetan eta kalean, goiz zein arratsalde; Arbolapetan, Portaloian eta parrokiako arkupeetan egongo dira.

Aurtengo eskapularioa.

Gaurko zita garrantzitsuak

18:00 Irrien Lagunekin Kanta eta dantza ikuskizuna Herriko Plazatik Seber altuberaino. euria bada, biteri plazan egingo da amaierako ikuskizuna.

18:30 konpartsa txikiaren kalejira eta lore eskaintza.

19:00 oria txarangaren doinuak Herriko Plazan.

20:30 Herriko koadrilen lore eskaintza eta Maritxu kajoiren miraria.

00:00 Manillares Iturriaga musika taldearen kontzertua gaztetxean.

00:00 Luhartz taldearekin dantzaldia Herriko Plazan.

Zuzenean: Aurten ere miraria zuzenean ikusteko aukera egongo da munduko edozein txokotatik, www.maritxukajoi.org webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak