Maritxu Kajoi bihar, Arrasaten eta Shangain

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urriaren 4a

Xabi Coronado arrasatearra eta Shangaiko Euskal Etxeko presidentea da. Maritxu Kajoi eguna antolatzen hasi zen duela lau urte, eta aurten ere ospakizun berezia egingo dute, Maritxu Kajoiren omenez; Euskal Etxean 100 bat lagun elkartzea espero dute. Komisiñoak badu ospakizunaren berri: "Begi onez ikusten dute eta animatu egiten gaituzte Euskal Herriko mugak apurtuz guk ere ospatu dezagun", dio. Urriaren 13an egingo dute ospakizuna.

Noiztik ospatzen duzue Maritxu Kajoi Shangaiko Euskal Etxean?
Aurten Shanghain Maritxu Kajoi ospatzen dugun laugarren urtea izango da. Aurreko urtean jatorri guztietako 80 lagun elkartu ginen dotore-dotore Maritxu Kajoiri harrera egiteko. Aurten ehun bat lagun elkartzea espero dugu.

Nolatan hasi zineten ospatzen?
Shanghaira iritsi nintzen momentutik oso harreman estua izan dut Shanghaiko Euskal Etxearekin. Arrasatearra izanda, faltan bota nuen Euskal Herriko ekitaldi garrantzitsuenetariko bat [barreak] urteko ekintza egitarauan. Hau da, Maritxu Kajoi. Nire herriko festa bat ezagutzen ez duen jendeari ezagutzera emateko aukera ezin hobea nauela pentsatu nuen eta Maritxu eguna lagunekin elkar gozatzeko egun oso polita denez , gogotsu jarri nintzen ekitaldia antolatzen.


Komisiñoarekin zein harreman duzue?
Komisiñoak begi honez ikusten du Maritxu Kajoi eguna Euskal Herriko mugatik kanpo ospatzea eta euren animoak ditugu horretarako. Asko dira egun horretan galdetzen digutenak ospakizunaren zergatia; beraz. Arrasate eta Basque Country hitzak daude egun horretan denon ahotan, Maritxu Kajoiri esker.

Zein da Euskal Etxearen helburua?
Txina osoan bizi diren euskaldunak zein Txinara gerturatzen diren euskaldun guztiak batzea. Shanghai oso hiri kosmopolita da eta beraz, ezin gara ahaztu aukera oso polita dugula gure kultura munduari zabaltzeko. Horregatik herrialde guztietako pertsonei animatzen diegu Euskal Etxean antolatzen diren ekintzetan parte hartzera.

Zenbat lagun egoten zarete Euskal Etxean eta zenbat dira arrasatearrak?
Nahiz eta beti euskaldun guztiak ekintza guztietan egon ez, izan ditugu ehun euskaldun baino gehiago elkartu garen ekitaldiak. Gaur egun zortzi bat arrasatear gara Shanghaien eta noski, denok egongo gara aste bukaeran dotore- dotore gure Maritxu Kajoi ospatzen, mirari eta guzti!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak