Jarduera ekonomikoa suspertzea, ezinbestekoa

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urriaren 3a

Joseba Egibar jeltzalea Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean izan da goizean, Saiolan eta Microsoft bisitatzen, eta bidelagun izan ditu zinegotzi eta batzarkide jeltzale gehiago ere. Egibarrek adierazi du orain 21 urte ere langabezia tasa izugarriak izan genituela eta atera ginela aurrera; eta orain ere egingo dugula aurrera, industriaren eskutik eta instituzioek behar bezalako laguntza emanda. Ildo horretatik esan du etorkizunak partekatua izan behar duela eta, ereduak eredu, kooperatibismoaren jarduteko modutik badugula zer ikasi.

Gipuzkoan zehar dabiltz gure egitura ekonomikoaren zutabeak non dauden jakinda; industria da horietan nagusiena eta etorkizuna irabazteko beharrezkoa izango da berriro ere indarrean dugun industria sendotzea eta laguntzea, Egibarren esanetan, kanpotik ez zaigulako oparirik etorriko eta modelo propio batekin atera behar dugulako aurrera herri hau.

Ildo horretan, Egibarrek Arrasateren doaiak azpimarratu ditu, esanez Arrasatek baduela ezaugarri berezi bat: lana, ikerketa eta berrikuntza enpresa munduarekin eta ekonomiarekin txertatu izana.

Esperantzarako tartea

Krisiaren testuinguruari dagokionez, berriz, Egibarrek adierazi duen moduan, orain 21 urte ere langabezia tasa izugarriak izan genituen eta atera ginen aurrera; orain ere egingo dugu aurrera, industriaren eskutik eta instituzioek behar bezalako laguntza emanda. Garrantzitsua da gizartea horren jakitun izatea, esperantza izan dezan, beste garai batzuetan ere gai izan garela jakin dezan. Espainiako merkatua ia agortuta dagoenean, gure enpresek kanpoan lehiatzeko gai direla erakutsi dute, baita Europatik kanpo ere.

Gure bailarako ezaugarriekin segituz, kooperatibismoa ere berbagai izan du ordezkari jeltzaleak. Etorkizunak partekatua izan behar duela esan du eta, ildo horretatik, kooperatibismoa garatu asmo duten modelo propioaren oinarrietan egon daitekeela gaineratu, ereduak eredu: langile-nagusi eta nagusi-langile, enpresa munduan uztarketa bat dago, garai onetan irabaziak guztien artean banatuz eta garai zailetan denek gerrikoa estutuz.

Eguneroko martxari eusteko laguntza

Enpresekin segituz, Gipuzkoako EAJko zerrendaburuak adierazi du enpresek dirua behar dutela, baina ez laguntza moduan musutruk jasotzen dena, enpresek dirua behar dute eguneroko martxari eusteko. 2009an, Ibarretxeren azken urtean, 450 milioi euro jarri zirela ekarri du gogora; enpresak bueltatzen hasi dira, baina garai hartan mesede egin zien. Pentsatzen du enpresa txiki eta ertainek laguntza hori behar dutela eguneroko martxarako. Politika fiskalaz ahaztu gabe, baina garrantzitsuena berriz ere jarduera ekonomikoa suspertzea dela esan du, fiskalitateak diru sarrerak handitzea ekarriko duelako, baina jarduera ekonomikoaren suspertzeak sortuko dituelako lanpostuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak