Harreman elkarteko Gorka Martinezek adierazi digunez, hitzaldi informala izango da Kulturaten egingo dutena. "Kafea hartuko dugu ardatz, gurean produktu izarra baita, eta horren gaineko informazioa emango dugu: nola ekoiztu den, nolako tratamendua eduki duen, nola inportatu den... Eta ondoren, zentzumenak sartuko dira jokoan, kafe mota ezberdinak usainduz, ukituz eta dastatuz. Aukera ona da kafe zaleentzako".
Produktu bat, istorio bat
Lan asko egin du Harremanek orain arte herriko eskolekin sentsibilizazio arloan, eta jardunaldi hau herritarrengana gerturatzeko modu interesgarria dela adierazi digu Martinezek.
"Merkatua bitartekari gutxi batzuengatik dago kontrolatuta", eta horrek egoera endredatzen duela gaineratu du. "Horren adibidea da, kafearen balio katean paradoxa bikoitza dagoela: alde batetik, Iparraldeko herrialdeetan kafearen kontsumoa handituz joan da milioika pertsonen egunerokoa bilakatuz, eta bestetik, Hegoaldeko herrialdeetan lehengai honen ekoizpenak milioika pertsona pobrezian mantentzen ditu". Datuak ez dira nolanahikoak, zifrek egunero munduan 2,25 bilioi kafe katilu inguru kontsumitzen direla diote eta.
Azken finean, produktu bakoitzaren atzean istorio bat dago. "Horregatik, gauzak aldatu gura baditugu, gure merkataritza eta kontsumo moduek nola eragiten duten ikusarazi behar diogu jendarteari, eta horretarako, informazioa ematea eta sentsibilizatzea ezinbestekoa da".Hala, Kulturateko hitzorduan, Bidezko Merkataritza eta komertzio tradizionalaren arteko ezberdintasunak ezagutuko dira modu ezberdin batetan.
Interesatuz gero, gaur 19:00etan, Kulturateko Jokin Zaitegi aretoraino eramango zaituen kafearen usain gozoa jarraitu besterik ez duzu egin behar.