Aurten ere martxan Bularretik Mintzora programa

Laida Beristain 2012ko urriaren 1a

Bularretik Mintzora programak berrikuntza bat dakar aurtengoan: Irakurle Klubak izeneko saio batzuk antolatuko dira haur eta gurasoentzat, hainbat ostiral eta larunbatetan. Saio horien bidez, irakurketaren inguruan hitz egitea eta ipuinak guztientzat kontatzea sustatzen da, beste gauza batzuen artean.

Iaz bezala aurtengo ikasturtean ere udal liburutegiak martxan jarri du Bularretik Mintzora programa. Iazko eredu berdina jarraitzen du aurtengoan ere, nahiz eta berritasun bat ere baduen.

Ekimen honekin lortu nahi dena da haur txikiek gurasoekin batera liburutegia ezagutzea eta horrekin batera liburuak eta irakurketa elkarbanatzea bai etxean eta baita ikastolan ere. Horretaz gain, haurrek eskola, etxea eta liburutegiaren arteko zirkuitu bat sortzea ere lortzen da.

Programaren nondik norakoak

Programan parte hartzeko egin beharreko lehengo gauza haurrak bazkide egitea da eta horren ostean liburutegira joan eta liburu bat edo bi aukeratzea.  Normalean liburu zaharrak liburutegian utzi eta berriak hartzeko eguna ostirala izaten da. Behin liburuak hartu ondoren, lehenik haurrak –etxean gurasoekin– liburuak ikusi edo irakurriko ditu eta ondoren astelehenean gelara eramango ditu. Bertan irakasleak haur guztiei irakurriko dizkie liburuak.

Irakurle Kluba

Aurtengo berrikuntzei dagokienez, Haur eta Lehen Hezkuntzako haurrentzat (6-7 urtekoentzat) Irakurle Klubak jarri dituzte martxan. Klub horietan 12-15 guraso eta haur bitartean bilduko dira larunbatetan  Kulturaten. Momentuz, azaroaren 10ean eta abenduaren 15ean izango dira saioak eta Mari Garzia izango da gidaria. Gutxi gora behera, ordu eta erdiko saioak izango dira, 11:00etatik 12:30era. 3tik 5 urtera arteko haurrak berriz Santa Marina auzoko liburutegian elkartuko dira gurasoekin. Saio horiek ostiral arratsaldeetan 18:00etatik 19:30era izango dira, azaroaren 16an eta aberduaren 14an.

Saio horien helburua da irakurketaren inguruan hitz egitea, gurasoei aholkuak ematea eta denei ipuinak kontatzea, beste gauza batzuen artean.  Urrian zehar gurasoen artean zabalduko dira saioen gaineko informazioa eta izena emateko epeak. Saioekin maiatza eta ekaina bitartean amaitzeko asmoa dago, bai haurrak eta bai gurasoak gustura baldin badabiltza ekintzarekin. Parte hartzeko, gurasoek Kulturatera eraman beharko dituzte izen emate orriak beteta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak