EMUN 1997an sortutako aholkularitza kooperatiba da. Harrezkero, lan munduan euskararen garapena eta normalizazioa bultzatzea izan da bere helburu nagusia, eta gaur egun jada oinarri sendo bat finkatu du, erreferente garrantzitsu izateraino. Urte hauetan bildutako ezagutza eta metodologiak zabaltzeko, jardunaldia antolatu du Arrasateko Garaia berrikuntza gunean, gaian interesatuta dagoen orori zuzendua.
14:30ean hasiko da jardunaldia. Bertan, harrera eta aurkezpen nagusiaren ondoren, bi hitzaldi izango dira. Alde batetik, Olatz Olasok, EMUNeko I+G+Bko zuzendariak, esku hartuko du, kooperatibaren planek izan dituzten berrikuntzak eta erronkak azalduz. Jarraian, ikus-entzunezko baten ondoren, Julen Arexolaleibaren txanda izango da, EMUNen sortzaileetako bat eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakaslea. Bigarren hitzaldi hori gaiaren alde orokorrago batean zentratuko da, eta orain arte lortutakoa eta etorkizunean har daitezkeen bideak azalduko ditu.
Beste alde batetik, 16:00etarako, Workshop edo tailerrak antolatuko dira. Taldetan landuko diren praktikak izango dira, beti ere euskara eta lan-munduaren gaia jorratuz. Itxieran, 17:30ean lunch bat egongo da.
Jardunaldia zuzenean jarraitu daiteke bai streaming bidez baita Twitter bidez ere, #emunek15 hashtag-ean; lantalan.com blogean ikus daitezke biak.