Eneritz Urrutia: "Herriak bizirik mantentzen laguntzeko eskatuko nioke lehendakari berriari"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urr. 1a, 14:18

Eneritz Urrutia Tena arrasatearra da eta 22 urte ditu. Magisteritza ikasketak egiten ari da –Lehen Hezkuntzako Heziketa Fisikoa– eta trikitixa eskolak ere ematen ditu. Uneotan, buru-belarri dabil Maritxu Kajoi egunerako prestaketa lanetan, txosna batzordeko kidea da-eta.

Interesatzen zaizu politika?

Egia esan, ez dut asko jarraitzen. Baina, azken finean, gaur egun gizartean pil-pilean dagoen gai bat da, are gehiago non bizi garen kontuan izanik. Beraz, zeharka edo zuzenki eragina duen gai bat da.

Eta Legebiltzarrerako hauteskundeak?

Aurretik erantzundakoaren harira, eragina dutenez gure gain, interesatzen zaizkit, nahiz eta ez izan nire lehentasunetako bat.

Zer iruditzen zaizu aurreratu izana?

Ondo, edo beharrezkoa. Erabaki batzuk hartu behar dira eta horretarako beharrezkoa dela pentsatzen dut. Horrez gain, kontuan izanik egun gobernuan daudenek ez dutela gehieneko absoluturik, ezin dute inolako erabakirik hartu.

Bereziak izango dira?

Bereziak eta desberdinak: aurreko hauteskundeetan ezker abertzalea ilegalizatuta egoteak oraingoan emaitzetan ezberdintasun handiak ekarriko dituela pentsatzen dut, eta horrek eragina izango du erabakiak hartu eta hitzarmenak egiterako orduan.

Botoa emateko asmorik bai?

Bai, badut botoa emateko ohitura. Norberaren usteetara eta ideologiara gehien egokitzen dena norberak aukeratzea beharrezkoa dela uste dut, denongan baitu eragina.

Baiezko kasuan: kanpainak baldintzatu dezake zure botoa?

Egia esan, ez diot kanpainari kasu handirik egiten, baina entzundako gutxiek ez didate orain arte erabakia aldatu. Norberak bere ideiak argi baditu, kanpainek ez dute zertan eragin beharrik.

Ongi deritzozu hauteskunde ostean paktuak egiteari?

Bai, derrigorrezkoa dela pentsatzen dut, gero ­erabakiak hartzerako orduan­ gehiengo absolutua izateko.

Zeinen artean uste duzu egingo dituztela?

Euskal partiduen artean, baina ez dakit zeinen artean, hori botoen araberakoa izango da.

Nork uste duzu irabaziko dituela hauteskundeak?

Euskal Herriko alderdi politikoren batek. Azken urteetako emaitzak ikusita, EAJ edo EH Bilduk irabaziko dituela pentsatzen dut.

Eta nor izango dela lehendakari?

Aurreko galderari erantzundako ildo beretik, Euskal Herriko alderdiren batekoa.

Zer eskatuko zenioke lehendakari berriari?

Galdera zaila da; eskatu, gauza asko eskatuko nizkioke, baina nire interesei begiratuta, zera eskatuko nioke: Euskal Herri mailan dauden kultur talde ezberdinei laguntza gehiago ematea, gaur egungo egoerari begiratuz. Horrez gain, bizi garen gizarte honetan dauden herriak bizirik mantentzen laguntzeko eskatuko nioke, komertzio txikiei eta talde txikiei laguntza emanez. Bestalde, nahiko nuke denon eskubideengatik borrokatuko duen lehendakari bat izatea.

Orain arte izan ditugun lehendakarien artetik gehien gustatzen zaizuna?

Ez nuke jakingo bat aukeratzen; egia esan, oraindik gaztea naiz eta politikatik nahiko urruti ibili naiz beti. Orain dela gutxi jaitsi naiz fantasiazko mundu perfektutik gaur egungo gizarte honetara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak