Arrate Illano: "Maitasuna adierazi nahi diegu euskarara hurbildu diren horiei"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko urriaren 2a

Asteon aurkeztu dute Mintzapraktika egitasmoa Ireki bihotza mintzalagunentzat lelopean. Arrate Illaro Topaguneko Mintzapraktika egitasmoetako arduraduna da, eta hark azaldu digu egitasmoaren helburua eta martxan jartzearen garrantzia.

Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.

Bai, urrian zehar dago zabalik mintzapraktiketan izena emateko epea.

Zer da mintzalagun egitasmoa?

Euskaraz hitz egin nahi dutenen gunea da. Alde batetik, euskaraz gehiago hitz egin nahi dutenak daude, hizkuntza hobetzeko edo egunerokoan euskaraz berba egiteko aukerarik ez dutenak; eta, bestalde, euskarari ekarpena egin gura diotenak daude, beharra daukaten horiei lagunduta. Lauzpabost laguneko taldeak izaten dira, eta astean ordubetez elkartu eta hitz egiten dute.

Aurtengo kanpaina euskaldunon mundura hurbildu direnei maitasuna adierazteko erabiliko duzue.

Bai, maitasuna adierazi nahi diegu azken urteetan euskarara hurbildu diren horiei. Bai saiakera hori egin dutenei, baina baita saiakera egiten ari direnei ere. Gainera, saiakera egiten duten horiei laguntzen dietenak ere zoriondu nahi ditugu; hau da, astero-astero mintzalagun praktiketan parte hartzen dutenei gainerakoek euskaraz gehiago hitz egin dezaten.

Zein da mintzalagunen helburu nagusia?

Helburu nagusia euskaraz hitz egitea eta euskaraz hitz egiten ondo pasatzea da, aisialdian. Klasetik kanpoko ekintza da. Mintzalagunetan parte hartuz soltura hartu gura duten horiek, baina baita euskaraz jariotasunez hitz egiten dutenek ere. Jariotasunez hitz egiten duten horiek ez dira irakasleak, ez dabiltza etengabe akatsak zuzentzen… elkarrizketa normal bat kafe baten bueltan egitea da helburua. Mintzalagun horiek elkartzen dira herriko taberna, plaza edo herrietan eta horrek ere kolore berezia ematen dio herriari. Herrian euskara gehiago entzuten da.

Zergatik dira garrantzitsuak horrelako taldeak?

Euskarara hurbildu nahi duten horiek aspaldi euskaraz hitz egiten zutenak dira, edo gaur egun klasean hitz egiten dute, baina ordu jakin horietan bakarrik. Hortaz, zaila izaten da euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea klase orduetatik kanpo. Mintzalagun taldeetan euskaraz hitz egiten da egoera normaletan, adibidez, kafe baten bueltan edo bestelako ekintzetan: mendi ibilaldi batean, bizikleta buelta batean… Euskara erabiltzeko ohitura hartzen da egoera horietan.

Nola antolatzen dituzue mintzapraktira horiek?

Parte hartzeko betebeharreko baldintza da euskaraz komunikatzeko gauza izatea. Hortaz, euskara maila baino gehiago, begiratzen dugu talde bakoitzean euskaraz jariotasun handiagoarekin hitz egiten dutenak eta gehiago kostatzen zaienak egotea. Elkar elikatzeko. Bakoitzaren ordutegiaren arabera, zaletasunaren arabera, adinaren arabera… izena ematean zehazten dute zeren arabera nahi duten taldea sortu: adinaren arabera edo zaletasunen arabera, adibidez.

Gaur egungo datuak zeintzuk dira?

5.000 mintzalagun daude EH osoan, eta, horietatik, Gipuzkoan 1.300 daude. 65 herri edo eskualdetako egitasmoetan daude. Batzuk herri mailakoak dira eta beste batzuk eskualde mailakoak.

Praktika hauek noiz sortu ziren?

Donostian sortu zituen Bagera euskara elkarteak, 1993an. Euskaltegietako ikasleek kalean euskaraz hitz egiteko ohitura har zezaten sortu zituzten. 19 urte pasa dira ordutik eta esan daiteke eboluzio ona izan duela. Ia Euskal Herri osora hedatu da egitasmoa; momentu hauetan, iparraldea dago ahulxeago. Adibidez, Iruñerrian 420 bat lagun daude, Gasteizen 620 bat eta Getxon 200etik gora. Ikusi dugu azkeneko bost urteetan gorakada handia izan duela egitasmoak.

Mintzalagunek nola baloratzen dute egitasmoa?

Ikasturte amaieran galdetegi bat zabaltzen dugu ikasleen artean eta oso balorazio positiboa egiten dute. %87k 7tik gorako puntuazioa ematen diote egitasmoari eta 5 puntutik beherako balorazioa %4k bakarrik. 

Ikasturteak irauten duen bitartean izaten da egitasmoa?

Bai, baina gure erritmoagatik izaten da. Ez du loturarik klaseen egutegiarekin praktikotasunarekin du zerikusi handiagoa. Urrian ematen da izena eta azaroan hasten dira klaseak; urte amaierako jaia, ostera, ekainean egiten dugu. Baina ez dut uste udan taldeak desagertu egiten direnik. Aurrera jarraitzeko aukera baldin badute jarraitzen dute, eta euren artean ere sor daitezke harremanak.

Aurten bultzada eman gura diozue e-mintzalagun egitasmoari.

Bai; Internet bidezko mintzalagun egitasmoa da hori. Internet bidez egiten da, mintzalagunek ez dutelako aukerarik astean ordubetez elkartzeko. Skype bidez munduko beste euskaldun batzuekin hitz egiteko aukera dago. Oraingoz, animatu dira batzuk, baina gure nahia zabaltzea da. 

Guraso lagunen egitasmoa ere badago. Zer da hori?

Mintzapraktikaren aldaera berezi bat da, gurasoei eskainitakoa. Umeek eskolaz kanpo ekintza bereziak egiten dituzten bitartean gurasoek mintzapraktikan parte har dezakete; edo, bestela, ume eta gurasoek elkarrekin egiteko ekintza bereziak antola daitezke euskaraz egin dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak