"La Boheme-k argi utzi zuen Debagoienean badaudela operazaleak. Oraingoan ere ia sarrera guztiak saldu dira; goialdeko bi ilara eta ezkerraldeko ilara bakarrik geratzen dira, eta oso pozik gaude; Arrasate Musikalen eta Servikutxan dituzue, 25 eurotan", azaldu digu Ozenki elkarteko Manu Gallardok.
Lehen mailako musikariak
Nazioarte mailan izen handia duten artistak etorriko dira. Opera 2011 konpainiakoek ipiniko dituzte ahotsak –bakarlaria eta koruak– eta Bulgariako Pleven Orkestra Sinfonikoak ipiniko du, berriz, musika. Murtziako Ballet Españolek ere parte hartuko du. Opera jatorrizko bertsioan izango da, azpitituluekin.
Opera iraultzailea
Frantsesez interpretatzen den munduko opera garrantzitsuena da Carmen, Friedrich Nietzsche-k eta Johannes Brahms-ek goraipatua. Opera komiko klasikoko generoa irauli zuen. 1820ko Sevillan dago girotua; Carmen da protagonista, ijito arrazako emakume eder eta izaera handikoa. Carmenen maitasun askeak Jose soldadua maitemintzen du. Biak kontrabando talde baten sartzen dira. Baina Escamillo toreatzailearekin maitemintzen da Carmen; Jose, jeloskor, Carmenen biziarekin bukatzea erabakitzen du.
-----------------
George Bizet-en 'Carmen' ospetsua
1985eko martxoan Parisko –bigarren mailako areto batean–Opera Comique-n estreinatu zen Bizet-en Carmen. Baina, harrigarria izan arren, zenbait kritikaren ondorioz, bertan behera geratzeko arriskuan egon zen. Izan ere, Carmenen jarrera ausarta eta zenbait pasarteren tonu beltza ez zen jende askoren gustukoa izan. Estreinuaren emaitza porrot gisatzat jo zuten, eta sentsazio horrekin hil zen Bizet.

