Hiru urte barru ireki zen Erguingoa eta iaz, azkenik, erdiguneko gaztegunea. 18 urte bete ditu proiektuak, adin nagusitasuna lortu du, eta lasai asko esan daiteke inoiz baino osasuntsu dagoela.
Lau gunetan banatuta, bederatzi hezitzailek dihardute lanean 12 eta 17 urte arteko hainbat gaztetxorekin. Nerabea eragile aktiboa da gazte txokoetan eta bere autonomia bultzatzen saiatzen dira hezitzaileak: "Egunean ordu batzuez euren arduradunak izaten gara, baina ez gara ez irakasleak eta ezta euren gurasoak ere. Gure hezitzaile irudia ezberdina da, ez da autoritate irudi soila, eta horregatik gazte asko beste era batera hurbiltzen zaizkigu, modu adiskidetsuagoan. Horrek gazteak ezagutzeko eta zenbait lanketa egiteko aukera ematen digu, eta horrela lortzen dugu euren bidelagun izatea. Hori bai, batzuetan jarrera autoritarioa hartzea tokatzen da", azaldu digu Andoni Iñurritegi hezitzaileak.
Aisialdia eta sorkuntza euskaraz
Gaztetxokero hezitzaileek bitartekoek eskaintzen dizkiete nerabeei euren aisialdia antola dezaten. Hau da, egitaraua erabiltzaile guztien artean adosten da batzarren bidez, nahiz eta ez den beti erraza izaten. Hala, gazte txokoen funtzionamendu ona denon ardura da: "Saiatzen gara gazteek uler dezaten guztiona dena ez dela zaindu behar arau bat dagoelako, elkar errespetatzen dugulako baizik. Materialarekiko, hezitzaileekiko, kide guztiekiko eta bizilagunekiko errespetua da gazte txokoaren funtzionamenduaren oinarria".
Aisialdia eta sorkuntza ozeano zabalak izan daitezke. Marrazkia, musika, sukaldaritza, bertsoak, antzerkia, txisteak edota bestelako zaletasunak izan, euskaraz izateko berebiziko ahalegina egiten dute hezitzaileek: "Hizkuntza errealitate ezberdinak bizi dituzten gazteak etortzen dira. Guri euskaraz zuzendu arren, euren artean gazteleraz egiteko joera dute. Gu hor eragiten saiatzen gara", diosku Iñurritegik. Sorkuntzarako gaitasuna gizaki orok duela uste du hezitzaile arrasatearrak baina baina hori azaleratzea ez da hain erraza izaten, haren ustez: "Ahalmen horri denbora eskaini behar zaio, elikatu egin behar da. Gainera, konplexu asko dago".
-----------------
Andoni Iñurritegi (Hezitzailea musakolan): "Pribilegioa da motibatzen zaituen proiektu baten lan egitea"
Bigarren urtea du Musakolako gazte txokoan.
Nerabezaroa krisia aroa dela esan ohi da. Bat zatoz? Bai, baina krisiak ez du zertan negatiboa izan. Aldaketa handiak dira, fisikoak zein psikologikoak. Gurasoak ez diren beste erreferente eta eremu batzuk bilatzen dituzte; taldearen onarpena dago, adibidez. Hori oso kezkagarria izaten da askorendako.
Zuek erreferente zarete, hein handi baten, ezta? Bai, eta ardura handia da. Eredu gara, baina guk ere gure akatsak ditugu. Hala, beti gaude gure artean eztabaidatu eta hausnartzeko gertu. Baina arduraz gain, pribilegioa ere bada, egiten dugun lanean sinesten dugulako eta gure onena ematen saiatzen garelako. Izan ere, ederra da motibatzen zaituen proiektu batean lan egitea.
-----------------
Itziar Egidazu (Hezitzailea Erguinen): "Bidelagun izan behar badugu, harremanak sendoa behar du"
Bi urtez Musakolan aritu ostean, Erguinen egongo da aurten.
Nolakoa da gazteekin duzuen harremana? Bidelagun izaten saiatzen gara, eta, horregatik, harremanak sendoa izan behar du, konfiantzazkoa. Gazte bakoitza ezberdina da eta konfiantza hori lortzeko erritmoak ezberdinak dira. Helburu batzuk finkatu eta horiek lortzeko estrategiak zehazten ditugu. Gero, emaitza edota prozesua bera baloratzen dugu. Gazteak elkartzeko eta euren proiektuak garatzeko lekua izateaz gain, auzoa biziberritzeko asmoz gatoz.
Nolakoa da gazte horien sorkuntzarako gaitasuna? Etengabe ari dira sortzen, baina, nire ustez, mugatuta daude. Beti dute jarraitu beharreko eredu bat, eta, askatasunez lan egitea eskatzerakoan, batzuei kosta egiten zaie.